Itxi

Gizartea

Vall d'Hebron

Zikak kutsatutako Europako lehen haurra jaio da Bartzelonan

agentziak | erredakzioa

Hainbat pediatra, neuropediatra, oftalmologo eta adituk osatutako talde batek egingo du umearen egoeraren jarraipena.

1:19

Bartzelonan jaio da gaur, astelehena, zika birusak eragindako mikrozefalia duen lehen haurra. Maiatzean izan zuten medikuek horren berri, eta lehen aldia da Europa osoan zika pairatzen duen ume bat jaio dela.

Hala adierazi dute prentsaurrekoan Joan Guix Kataluniako Osasun Publikoaren Agentziako idazkariak; Elena Carreras Vall d'Hebron Ospitaleko zuzendariak eta Felix Castillo Jaioberrien Zerbitzuko buruak.

"Lehen kasua da -lehen jaiotza- Europa osoan", ziurtatu du Castillok. Aipatzekoa da ospitale horrek zikari buruzko ikerketa eta lan-talde berezia dauka.

Haurra Jaioberrien Zerbitzuan dago, ez du suspertze neurririk behar eta bere osasun egoera zuzena da: "Buruaren perimetroa txikia da, horrek haurdunaldian jasotako datuak baieztatu ditu".

Buruaren ohiko perimetroa 33,5 eta 34 zentimetrokoa da jaiotzean, eta mikrozefalia "hazi ez den burmuin baten ondorio da", horrek ekarriko du bere bizitzan zaintzaileak behar izatea, baina oso zaila da bizi itxaropena zehaztea, Castilloren arabera.

Kazetariei egindako galderei erantzunda, zehaztu dute buruan malformazioak duen pertsona bat urte asko bizi ditzakeela, arnas egiteko arazorik ez badu eta ondo elikatzen baldin bada.

Hainbat pediatra, neuropediatra, oftalmologo eta adituk osatutako talde batek egingo du umearen egoeraren jarraipena.

Azkenik, Giuxek Estatuko zika kasuen kopuruaren berri eman du; urte hasieratik 91 gaixo zenbatu dira, horietatik 24 gizonezkoak eta 67 emakumezkoak dira, eta horien artean 21 haurdun daude. Bostek malformaziorik gabeko umeak izan dituzte, eta batek mikrozefalia duen haurtxo bat izan du.