Itxi

Gizartea

Emakumeen aurkako indarkeria

Jendetza berriro Iruñean, sexu erasoen aurka

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sanferminak hasi zirenetik, hamabi salaketa jarri dira sexu erasoekin eta gehiegikeriekin lotuta eta hamabi gizonezko atxilotu dituzte; horietako bost espetxean daude, bortxaketa bat leporatuta.

Milaka iruindarrek Gazteluko plaza bete dute, berriro ere emakumeen aurkako sexu erasoak salatzeko. Elkarretaratzean, erakundeetako ordezkari ugari izan dira, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea eta Iruñeko Udaleko ordezkariak tartean.

Mobilizazioa Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataformak eta Gora Iruñeak antolatu dute. Uztailaren 7an egindako elkarretaratzean bezala, 'Ezetza ezetz da' lelodun kartelak erakutsi dituzte gaurko bilkura isilean.

Sanferminak duela sei egun hasi zirenetik, hamabi salaketa izan dira sexu erasoekin eta gehiegikeriekin lotuta eta hamabi gizonezko atxilotu dituzte; horietako bost espetxean daude, uztailaren 6tik 7rako gauean 19 urteko neska bat bortxatu izana leporatuta.

Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Foru Parlamentuak sexu erasoen kontrako mezuak zabaldu dituzte azken egunetan, eta protestetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Iruñeko peñek ere bat egin dute mobilizazioarekin.

Iruñeko Udalak berretsi egin du edozein motatako sexu erasoen kontrako jarrera, eta azpimarratu du bere esku dagoen guztia egingo duela eraso sexista guztiak desagerrarazteko eta emakumeen segurtasuna hiriko toki guztietan bermatzeko.

Kontzentrazioa sexu erasoak San Fermin 2016 EFE

?Erakunde publikook eta herritarrok, gizonezkook nahiz emakumezkook, sexu erasoen aurrean jarrera konprometitua izatea ezinbestekoa da, eta ildo horretan egingo dugu lan?, adierazi du Udalak.

?Gizarteak aldatu egin behar du erasotzailea babesten duen eta emakumeak errudun jotzen dituen kultur eredua; emakumeak ez du trabarik edo jazarpenik jasan behar festen edo ohituren aitzakiapean?, erantsi du.

?Indarkeriaren eta eraso sexisten aurrean, herritarrek ezin dute geldirik egon?, gaineratu du.

Kontzentrazioa sexu erasoak San Fermin 2016 EFE