Itxi

Gizartea

Sanferminak

Guardia Zibilak kargugabetu du bortxaketan parte hartu zuen agentea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Egotzitakoaren "larritasuna" eta piztutako "alarma soziala" kontuan hartuta hartu du erabakia Guardia Zibilak.

Guardia Zibilak behin-behinean kargugabetu du sanferminetako lehen eguneko sexu-erasoan parte hartzeagatik epaileak kartzelatutako agentea.

Arsenio Fernandez de Mesa Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak gaur goizean baliogabetu du agenteari Pozoblancon (Kordoba) esleitutako lanpostua, eta funtzioen suspentsioa sinatu du.

Egotzitakoaren "larritasuna" eta piztutako "alarma soziala" kontuan hartuta hartu du erabakia Guardia Zibilak, ohar batean azaldu duenez.

Segurtasun Indar horren esanetan, gertatutakoak "herritarren sentsibilitatea" iraintzen du, eta kalte egiten dio "erakundearen ospeari".

EFE agentziak jakinarazi duenez, agentea ez dute behin betiko kargugabetuko epaia egon arte, baina, behin-behinean, lanetik kendu dute.

Asteburu honetan, Iruñeko 4. instrukzio epaitegiko epaileak sexu erasoaren bost ustezko egileak espetxeratu ditu, egindakoa "oso larria" dela azpimarratuta.

Bost gizon horietako bat aipatatutako guardia zibila da. Beste bat, gainera, militarra da, azken orduetan jakin denez.