Gizartea
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Sexu-erasoagatik atxilotuetako bat guardia zibila da
EITB.EUS
Ikerketako iturriek EiTBri esan diotenez, Iruñean izandako sexu erasoarekin lotuta atxilotutako bost lagunek 23-26 urte dituzte. Baliteke horietako batek erasoa grabatu izana. Andaluziarrak dira.
Aurtengo sanfermin jaietako lehendabiziko egunean izandako sexu-erasoarekin zerikusia dutelakoan atxilotutako bost gizonezkoak andaluziarrak dira eta 23 eta 26 urte artean dituzte, ikerketako iturriek EiTBri baieztatu diotenez. Atxilotuetako bat guardia zibila da.
Epaileak behin-behinean eta bermerik gabe espetxera bidali ditu sexu-erasoagatik atxilo hartutako bostak.
Iturri horien arabera, Mercaderes kaleko segurtasun-kamera batek hartutako irudiei esker identifikatu dituzte ustezko bost erasotzaileak. Halaber, horietako batek bularrean duen tatuajeak ere, identifikazioa erraztu du.
Kamerak jasotako irudietan, biktimak emandako deskripzioarekin bat zetozen bost lagun atzeman zituen udaltzaingoak. Jarraipena egin, eta zezen plazaren inguruan aurkitu zituzten. Baliteke, gainera, atxilotuetako batek sexu-erasoa grabatu izana.
Erasoa atzo goizaldean, 04:30 inguruan, gertatu zen hiriko erdigunean. Biktima (19 urteko emakume madrildar bat) Paulino Caballero kaleko atari batean sartu zuten eta eraso egin zioten.
Erasoaren kontrako aldarria ozen entzun zen atzo Iruñean. Milaka herritarrek, erakundeekin batera, Udaletxe-plaza bete zuten sexu-erasoa gaitzesteko.
Argazkia: EFE
Bost atxilotutakoak polizia-etxean daude atxilotuta, eta ziurrenez, bihar eramango dituzte epailearen aurrera deklaratzera. Antza, denek ukatu egin dute erasoa, eta izandako harremanak emakumeak baimendutakoak izan zirela adierazi dute.
"Biktimaren ausardia"
Joseba Asiron Iruñeko alkateak biktimaren "ausardia" nabarmendu du, sexu-erasoa salatu duelako eta horri esker atxiloketak burutu ahal izan direlako.
Udalean ekitaldi batean parte hartu ondoren, Asironek hedabideen aurrean esan duenez, "onartezina eta barkaezina" da erasoa. Salaketarik egon izan ez balitz, erasoaren egileak "libre eta zigorgabe" geratuko lirateke, alkatearen aburuz. Dena dela, "zuhurtzia" eskatu du, harik eta datuak baieztatu arte.
Sexu-erasoei aurre egiteko, Iruñeko Udalak duen "konpromiso politikoa" azpimarratu du. Gisa honetako erasoak errotik desagerrarazteko gizarte eragileekin elkarlanean jarraituko dutela esan du. Atzo, Udalaren atarian egindako bilkurak "gizartearen gehiengoaren gaitzespena" irudikatu zuen, horren hitzetan.
Atxilotuei buruzko datuak ofizialki zergatik zabaldu ez dituzten galdetuta, Asironek adierazi du Udaltzaingoak eta Foru Poliziak ezarritako "irizpide profesionalak" kontuan hartuta ari direla gaiaren inguruko komunikazioa bideratzen.