Itxi

Gizartea

Ibar auzia

Floridako Estatuak heriotza-zigorra eskatu du berriro Ibarrentzat

aGentziak | Erredakzioa

Eskaera "espero" zitekeela uste zuen euskal jatorriko presoaren izena duen elkarteak. Dena dela, errugabea dela sinetsita, "etsita" agertu da.

AEBko Floridako Estatuak ofizialki jakinarazi duenez, Pablo Ibar euskal jatorriko presoarentzat heriotza-zigorra eskatuko du berriro 1994an hiru lagun hiltzea egotzita haren kontra egin behar duten epaiketan. Pablo Ibar Heriotza-zigorraren kontrako Elkarteak eman du horren berri gaur Gasteizen egin duen prentsaurrekoan.

Andres Krakenberger elkarteko bozeramailearen hitzetan, jakinarazpena "espero" zuten, baina "etsipena" sentitu dutela onartu dute, "errugabea dela baieztatzen duten frogak egonda ere, haren kontrako zigorra" eskatzen dutelako.

Pablo Ibar errudun jo zutenean, 2000. urtean, "hanka sartu zuten", elkartearen bozeramailearen ustez, eta, ondorioz, "16 urte eman ditu heriotzaren korridorean". Horrek gogorarazi duenez, Floridako Auzitegi Gorenak berak aitortu zuen haren kontrako frogak "urriak eta ahulak" zirela, eta horregatik agindu zuen beste epaiketa bat egitea, aurretik euskal jatorriko presoari ezarritako zigorra baliogabetuta.

Pablo Ibar elkarteak salatu duenez, Floridako Estatuak "hoztasunez" jakinarazi du bere eskaera, eta horrek, elkarteko kideen hitzetan, agerian uzten du AEBn heriotza-zigorra "izapide hutsa" dela, "XXI. mendean lekurik ez duen zigor krudel, anker eta umiliagarria" izan beharrean.

Krakenbergerren esanetan, Ibarrek "etsipenez" jaso du berria, orokorrean nahiko animatua dagoen arren. Izan ere, ekainaren hasiera atera zen heriotzaren korridoretik, eta espetxe arrunt batean dago ordutik.

Pablo Ibar elkarteak ez daki noiz egingo duten epaiketa berria.

Dirua behar dute oraindik

Noiz egiten duten gorabehera, Ibarren defentsa "prest" dagoela nabarmendu du Krakenbergerrek, abokatuak ordaintzeko dirua behar duten arren.

Guztira, 1,3 milioi dolar behar dituzte, eta asko bildu duten arren, 590.000 dolar falta zaizkie oraindik. Asteon Eusko Jaurlaritzak eta herritarrek emandako 50.000 dolar bidaliko dizkiete abokatuei.

Bestalde, euskal gizarteko ordezkari batzuek elkartearen aldeko eta heriotza-zigorraren kontrako agiria sinatu dute. Horien artean daude, besteak beste, Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko epailea, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea eta Pako Etxeberria auzitegiko medikua.

tegiko medikua.

tegiko medikua.