Itxi

Gizartea

EUROKOPA

Hainbat zauritu Frantzian, futbol jarraitzaileen arteko istiluetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

50 urteko 'hooligan' ingeles bat hil ala biziko egoeran dago Marsellako ospitale batean. Gainera, beste hiru pertsona larri zauritu dira.

Gutxienez 42 pertsona zauritu dira Marseillan eta Nizan, Frantziako Europako Futbol Txapelketa jokatzen ari diren herrialdeetako jarraitzaileen artean larunbatean izandako istiluetan. Guztira, 35 pertsona zauritu dira Marseillako istiluetan -zauritu kritiko bat, hiru zauritu larri eta 31 zauritu arin- Laurent Nuñez Marseillako Poliziaren prefetak egindako balantzearen arabera.

50 urteko hooligan ingeles bat hil ala biziko egoeran dago Marseillako ospitale batean, bart, Ingalaterrak eta Errusiak jokatu zuten partidaren aurretik bi taldeetako jarraitzaileen artean izandako liskarretan. Antza denez, jarraitzaile errusiarrek metalezko barra batekin jo zuten 50 urteko zale ingelesa. Gerora, bihotzekoak eman zion eta Polizia batek suspertzea lortu ostean larri eraman zuten Marseillako ospitale batera.

Marseillako Udalak zabaldutako datuen arabera, hiru ingeles ospitalean daude zauri larriekin. Ingalaterrako "hooliganen" arteko borrokak ordu eta erdiko iraupena izan zuen eta, larri zauritutakoez gain beste 31 pertsonak zauri arinak izan zituzten. 250 polizia inguruk esku hartu zuten eta 8 pertsona atxilotu zituzten. Pierre Henri Brandet Barne Ministerioko bozeramaileak France Info irrati kateari azaldu dionez, borroketako irudiak berrikusitako dituzte istiluetan parte hartu zutenak identifikatzen saiatzeko eta datozen egun eta asteetan atxilotu gehiago izango direla nabarmendu du.

Errusiako eta Ingalaterrako futbol taldeek partida jokatu zuten Marseillako Velodrome estadioan ere istiluak izan ziren bi herrialdeetako jarraitzaileen artean eta, ondorioz, estadioko gune bat jendez hustu behar izan zuten. Aurrez, Errusiako jarraitzaileak zeuden tokitik bengalak bota zituzten ingelesak zeuden harmailara eta petardo bortitz bat ere leherrarazi zuten.

Istiluak Nizan

Bestalde, bat gauean istiluak izan dira Frantziako Niza hirian gazte frantsesen eta Ipar Irlandako jarraitzaileen artean eta zazpi pertsona zauritu dira, Nizako prefeturak berri eman duenez.

Borrokak gaueko hamaikak aldera gertatu dira hiriaren erdiguneko kale batean. Antza denez, Frantziako 20-30 gaztek bengalak eta botilak jaurti dizkiete Ipar Irlandako jarraitzaileei eta horiek modu berean erantzun zieten.

 

 

>