Gizartea
Sare sozialak
Gorroto mezuak 24 orduan ezabatuko dituzte Facebookek eta Twitterrek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Batzordeak eta Interneteko konpainia erraldoiek Jokaera Kode bat sinatu dute.
-
Besteak beste, Googlek, Facebookek, Twitterrek eta Microsoftek sinatu dute Jokaera Kodea. EFE
Interneteko konpainia handiek (Facebook, Twitter, Youtube eta Microsoft, tartean) Europako Batzordeak sustatutako Jokaera Kode bat sinatu dute, sare sozialetan "gorroto mezuak" hedatzea saihesteko.
Besteak beste, erabiltzaileek ohartarazitako balizko gorroto mezuak "gehienez 24 orduan" aztertzeko konpromisoa hartu dute konpainiek, mezu horiek ezabatzeko, hori egitea bidezkoa bada.
Horretarako, Kodearen sinatzaileek irizpideak adostuko dituzte, indarkeria sustatzea eta gorrotoa debekatuta daudela argi uzteko.
Halaber, "kontrapropaganda" eta sentsibilizazio kanpainak abiatzea ere eskatu die Bruselak aipatutako enpresei, eta estatu kideen artean elkarlana handitzeko deia egin du.
Europako Batzordearen helburua da Interneteko konpainiek esku hartzea gorroto mezuak biralizatzea galarazteko, baina estatu kideek ere zeregin giltzarria dutela gogorarazi du. Horregatik, legeak arrazakeriaren eta xenofobiaren arau europarretara moldatzea eskatu du.