Gizartea
Zikaren birusa
Pau Gasol Rio de Janeirora ez joatea 'aztertzen' ari da
Agentziak | Erredakzioa
“Nahiz eta hitz lasaigarriak esan, eztabaida dago. Beste edozein atleta edo pertsona bezala, Riora joateko aukera aztertzen ari naiz”, esan du saskibaloi jokalariak.
Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetara joatea ala ez aztertzen ari dira kirolariak, “egoerak larritasun nahikoa duelako”, esan zuen atzo Pau Gasol Espainiako selekzioko jokalariak, Zikaren birusari erreferentzia eginez. Gaixotasuna dela eta, bera ere lehiaketara ez joatea “aztertzen” ari dela baieztatu zuen Gasolek.
“Egoera nahiko larria da, eta ezjakintasuna handia da, baita adituen artean ere. Zenbait adituk Olinpiar Jokoak atzeratzea edo lekuz aldatzea eskatu dute; 150 adituk, ostera, ez. Nahiz eta hitz lasaigarriak esan, eztabaida dago. Beste edozein atleta edo pertsona bezalaxe, Riora joateko aukera aztertzen ari naiz”, azaldu zuen Gasolek, Banco Popularrek antolatutako ekitaldian, Madrilen.
Gasolen hitzetan, “ez zen harritzekoa izango atleta batzuek ez parte hartzeko erabakia hartzea, euren osasuna eta senideena arriskuan ez jartzeko”. “Egoera nahiko zaila da”, esan zuen pibotak. Horren aurrean, “olinpiar batzorde nazionalei eta munduko osasun arduradunei ehuneko ehunean eta argi informatzeko” eskatu die saskibaloi jokalariak.
“Kontzientziatzeko eta informatzeko ardura dut”
“Informazio guztia jakitera eman behar dute. Kontzientziatzeko eta informatzeko ardura dut, gaiari buruz nahikoa hitz egiten ari ez garelako, eta ezjakintasuna handia da”, adierazi zuen Gasolek. “Kirolariaren, zaleen eta senitartekoen osasuna beste ezeren aurretik jartzeko” eskatu zuen.
Jokoetan “birusa zabaltzeko aukera” badela ohartarazi zuen kirolariak, baina beste gaixotasun batzuk zabaltzeko aukera ere emango du, horren ustez. “Dengea eragiten duen birusaz ez da deus hitz egiten, baina infekzioen kopuruak % 320 egin du gora”, azpimarratu zuen.
> >