Gizartea
SANFERMINAK 2016
Iruñean entzierroetako hesia jartzen hasi dira
EITB.EUS
Hesiaren instalazioa pixkanaka egingo dute datorren uztailaren 6ra bitartean, 2.700 oholtza eta 4.800 egur-falka jarriko dituzte 848 metroko ibilbidean.
Gareseko Aldaz Anaiak aroztegiko langileek sanferminetarako entzierroen hesia jartzeari ekin diote Iruñean, azken 24 urteetan egin duten bezalaxe.
Iñigo Aldaz, aroztegiko lanen koordinatzaileak esan duenez, eurentzat "ohore handia hemen lan egitea, izan ere, sanferminak mundu guztian dira ezagunak".
Lanak Santo Domingoko eskortetan hasi dituzte, "zehazki oinezkoen aldatsean, ahalik eta gutxien molestatzeko" eta Gaseko eskortetarantz joango dira pixkanaka. Hesi guztiaren instalazioa datorren uztailaren 6ra bitartean luzatuko da, 848 metroko ibilbidea osatu arte.
Uztailaren 6an, goizean, trafikoaren zirkulazioa eten ostean, azpiegitura osatuko da Amaya eta Estafeta kaleetan.
Guztira, 900 zutoin, 2.700 oholtzar eta 4.800 egur-falka jarriko dituzte. Halaber, 70 ate eta hesi bikoitza indartzeko 120 oholesi ere jarriko dituzte.
Erabilitako materialari deritzonez, pieza bakoitza banaka aztertzen dute eta piezaren batek arazoren bat izan ezkero, aldatu egin behar dute. "Momentuz ez dugu izan inongo arazorik piezekin", gaineratu du arotzak.
Zenbakiz eta letrez osatutako kode bati jarraituta jartzen dituzte langileek hesiaren elementuak. "Zutoin bakoitzak edo oholtzar bakoitzak bere toki zehatza dauka", azpimarratu nahi izan du.
Hesiaren muntaketan lau pertsona soilik lanean hasi diren arren, sanferminetan 80 langile izateraino iristen dira, toki batzuetan hesia arineketan jarri eta kendu behar izaten delako.
Hesiaren muntaketan kalterik jasan ditzaketen auzokideek Iruñeko Udaltzaingoaren unean uneko informazioa jasoko dute, haien ibilgailuak bertatik atera ahal izateko.
a ahal izateko.a ahal izateko.