Gizartea
Trapagaraneko bikotea bezala
Euskadin 300 etxegabe daudela salatu dute
Agentziak | Erredakzioa
Vecindad Vasca Sin Fronteras elkarteak salatu du utzita dagoen Trapagaraneko industria-nabe batean bizi den bikotea bezalako beste 300 pertsona daudela etxerik eta laguntza jasotzeko eskubiderik gabe.
Gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko jaio den Vecindad Vasca Sin Fronteras deritzon elkarteak salatu duenez, abandonatuta dagoen Trapagaraneko (Bizkaia) industria-nabe batean bizi den bikotea bezalako beste 300 pertsona daude etxerik gabe eta laguntza publikorik jasotzeko eskubiderik gabe.
Kolektiboak Trapagako bikotearen antzeko egoerak salatu ditu. Aipatu bikotea Gallartako euren etxetik kaleratu zuten hipoteka exekuzio baten ondorioz, eta inongo laguntza ekonomikorik eta gizarte laguntzarik gabe harat-honat ibili behar izan dute ez daudelako inon erroldaturik; azkenik, abandonatutako industria-nabe batean bukatu dute, eta han bizi dira Trapagaraneko bizilagunen elkartasunari esker.
Vecindad Vascak ziurtatu duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak ezagutu eta erroldatuta ditu bikote horren gisara Euskal Autonomia Erkidegoan bizirauteko baliabiderik gabe bizi diren 300 pertsonak.
Erroldatuta egoteko eskubidea aldarrikatzen dute, nahiz eta bizileku finkorik izan ez, "edozein pertsonak izan behar duen eskubide gisa, eta ez sari edota opari gisa". Eta eskubide hori aitortzeko izan behar duen "muga bakarra eskatzailearen 'aurrez aurreko bizi-proba' izan beharko luke".