Itxi

Gizartea

EAE-ko Auzitegi Nagusia

Donostiak zezenketen inguruan egin behar zuen galdeketa, airean

eitb.eus

Estatuko Abokatutzak 2015eko apirilaren 30eko Udalbatzan onartutako herri galdeketen udal araudia auzitara eraman zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea onartu du orain.

Donostiako Udalak zezenketei buruzko herri galdeketa bat irailean egiteko asmoa zuen, baina 2015eko apirilaren 30eko Udalbatzan aho batez onartutako herri galdeketen udal araudia auzitara eraman zuen Estatuko Abokatutzak, eta EAEko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) helegitea onartu du orain.

Udala ebazpena aztertzen ari da, kasazio-errekurtsoa aurkezteko aukera baitu. Udalak kontsulta egin ahal izateko “formulak bilatuko” dituztela ziurtatu du Eneko Goia alkateak.

“Espero zuten erantzuna ez” dela onartu du alkateak Martutenen. “Udal araudia salbatzen” saiatuko direla berretsi du.

‘Donostia antitaurina Orain!’ herri plataformak galdeketa eskatu eta sinadura ugari aurkeztu zituen. Biztanleriaren gutxieneko % 5a gainditzen zutela egiaztatu eta prozedurari hasiera eman zion Udalak.

Administrazioarekiko auzien aretoak azaldu duenez, udal araudiak benetako erreferendumak diren prozesuak “kontsulta” soil bezala hartu nahi ditu. Hori Toki Araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen aurkakoa dela erantsi du.

Ebazpenaren arabera, indarrean dagoen legedian, “maila txikiko galdeketa eredu berriak garatzeko eskumenik ez da aurkitzen”.

“Udal mailan bi motatako galdeketa horiek desberdintzeko Konstituzio oinarrik eta legedirik ez dago”, azpimarratu du sententziak. Hala, Udalak “ezin du formula bideraezin bat apaindu”, herri galdeketa eredu berri bat sortzeko. Salaren hitzetan, “udal erakunde batek eskumen eta prozedura oinarrizko legedien aurka egingo luke”.