Itxi

Gizartea

Adierazpenak

Almodovar, Panamako Paperez: 'Erantzukizun osoa, neure gain'

Agentziak | Erredakzioa

"Ezjakintasuna ezin da aitzakia izan", esan du zuzendariak, zeinak azaldu duen, hala ere, anaia arduratzen zela kontu ekonomikoez eta, hortaz, berak ez zekiela ezer horien gainean.

  • Pedro Almodovar, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

    Pedro Almodovar, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

'Panamako Paperetan' bere izena agertu ostean, Pedro Almodovar zinemagile espainiarrak esan du ostegun honetan bere gain hartzen duela erantzukizun osoa, nahiz eta anaia arduratzen zen kontu ekonomikoez, eta, hortaz, berak ez zekien ezer.

Hainbat herritar ospetsu azaldu dira Panamako Paperetan: besteak beste, Almodovar bera, Messi, Bertin Osborne, Thyssen-Bornemisza familia, Imanol Arias eta Pilar Borboikoa.

Gaztela-Mantxa Telebistan emandako elkarrizketa batean (Europa Pressek jarraitu du), Almodovarrek aseguratu du ez zekiela "ezer", eta Agustin Almodovar anaiak zuela ardura arlo ekonomikoan. Berak, bitartean, sorreran jarduten zuen.

"Esan behar dut nire ezjakintasuna ez dela aitzakia. Ardura dut, eta ardura hori guztia hartzen dut neure gain", nabarmendu du. Zuzendariak esan du albistea argitaratu eta berehala zabaldutako prentsa-oharra ez zela azalpen nahikoa izan.

Birjina uharteetan erregistratutako elkarte bateko ahaldunak

Panamako Paperen arabera, zinemagilea eta Agustin anai eta produktoreak ahaldunak izan ziren, 1991ko ekainetik Glen Valley Corporation elkartean. Elkarte hori Britainia Handiko Birjina uharteetan zegoen erregistratuta; lurralde hori zerga-paradisutzat jotzen dute Espainian.

Elkartea 1991ko martxoaren 22tik 1994ko azaroaren 11ra arte egon zen jardunean. Tramitatzea Mossack Fonseca Panamako enpresak Genevan duen bulegoan egiten zuten.

Orain arte ezer ez bazuen esana ere, Pedro Almodovar protagonista izan da Mossack Fonseca abokatu-bulegoko filtrazioak bere izena eman zuenetik.

Agustin Almodovar anaiak esan zuen zinemagileak ez zuela errurik, eta adierazi zuen 'offshore' enpresa hura sortu zutela, 1991n, "bakarrik, esperientzia faltagatik".

Agustinek, kudeaketa; Pedrok, sorrera-lana

Agustin Almodovarrek argitu du nola moldatu ziren bi anaiak El Deseo produkzio-etxea sortu zutenetik: "Nik enpresaren kudeaketa hartu nuen, eta erabaki genuen berak hartzea sorrera-lana".

Nabarmendu ere nabarmendu du 1991n ezarri zutela elkartea "aholkulariek gomendatu zietelako"; izan ere, aukera zegoen enpresak nazioarteko hedapena izateko. Agustin Almodovarrek esan du hiltzen utzi ziotela elkarteari zeren eta ez baitzuen bat egiten lan egiteko erabiltzen duten moduarekin.

"Asko sentitzen dut nire anaiaren irudi publikoa pairatzen ari den kaltea; familia-enpresa sortu eta berehala, lehen urtean, ez nuen esperientziarik", esan zuen lehen egunetan.

Nolanahi ere, nabarmendu ere nabarmendu du nola bi anaiak eta produkzio-etxea egunean dauden zerga-kontuei dagokienez.

ienez.