Itxi

Gizartea

Auzitegi Konstituzionalean

EAEko fracking legearen aurka helegitea aurkeztuko du Madrilek

Agentziak | Erredakzioa

Antzeko kasu batean, Auzitegi Konstituzionalak Errioxako eta Kantabriako legeak baliogabe utzi zituen. Bi erkidego horiek fracking-a debekatu zuten.

  • Fracking-aren aurkako manifestazio bat. Artxiboko irudia: EiTB

    Fracking-aren aurkako manifestazio bat. Artxiboko irudia: EiTB

Euskadiko fracking legearen aurkako konstituzio-kontrakotasun helegitea aurkeztea onartu du gaur Ministroen Kontseiluak. Haustura hidraulikoaren aurrean ingurumena babesteko neurriak jasotzen ditu arauak.

Euskadirekin negoziazioak porrot egin eta Estatu Kontseiluak oinarri juridiko nahikoak daudela esan ondoren, legea auzitara eramatea erabaki du Espainiako Gobernuak.

EAEko legea 2015ean onartu zuten. Ezaugarri geologikoak edo sozioekonomikoak, ingurumena eta paisaia arriskuan daudenean haustura hidraulikoa galarazteko aukera ematen die Euskadiko arauak bertako administrazioei.

Konstituzionalak Errioxako eta Kantabriako legeak baliogabe utzi zituen

Antzeko kasu batean, Auzitegi Konstituzionalak Errioxako eta Kantabriako legeak baliogabe utzi zituen dagoeneko. Bi erkidego horiek fracking-a debekatu zuten. Doktrina bera EAEko kasuan aplikagarria izango dela ematen du.

Ingurumen eskumenekin Estatua eskuduntzarik gabe uztea ezinezkoa dela uste du Ministroen Kontseiluak, batez ere, Estatuko araudiaren arabera, fracking proiektuak ingurumen-inpaktu adierazpen bati lotuta daudenean.

Gainera, EAEko legeak Estatuko meatzaritza eta energia erregimena urratzen duela uste dute.

Azkenik, Euskadiko arauak itsasoko metano-hidratoak (energia iturri berria) jasotzen ditu. Ministroen Kontseiluaren ahotan, Konstituzionalaren arabera, eskumen hori ez da erkidegoena (ez badu Estatutuak hala aurreikusten).