Gizartea
Kritikak euskal legeari
Medikuak: 'Tabakoa zigarro elektronikoarekin parekatzea akatsa da'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarrak zigarro elektronikoaren kontsumoa debekatu du, tabakoa erretzea galarazita dagoen tokietan. Estatuan horrelako neurria hartzen duen lehen erkidegoa da EAE.
-
Gizonezko bat zigarro elektronikoa kontsumitzen. Argazkia: EiTB
Estatuko eta nazioarteko 370 mediku eta osasun-langile baino gehiagok kritikatu dute Eusko Legebiltzarrak gaur onartu duen Mendekotasunen Legea, tabakoa eta zigarro elektronikoa parekatzeagatik.
Araudi berriaren arabera, debekatuta egongo da zigarro elektronikoak kontsumitzea tabakoa erretzea galarazita dagoen tokietan.
Zigarro elektronikoen erabilera babesten duten medikuen erakundeak esan du “akats larria” dela tabakoa eta zigarro elektronikoak parekatzea: “tabakismoaren kontrako borrokan atzerapausoa da”.
Zigarro elektronikoa eta tabakoa erabat ezberdinak direla gogoratu dute, lehendabizikoaren kasuan, errekuntzarik ez dagoelako eta osagaiak diferenteak direlako. Zigarro elektronikoak badu nikotina, “baina horrek ez dio kalterik egingo inguruan dagoenari”, erantsi dute.
Hortaz, EAEko Mendekotasun Legea “arau neurrigabea eta bidegabea” dela salatu eta, “tabakoaren kontsumoaren mesedetan”, zigarro elektronikoaren alternatiba “itoaraziko” duela ohartarazi dute.
Carmen Escrig aipatu erakundearen koordinatzaileak azpimarratu duenez, “Erresuma Batuak zuzentzen duen nazioarteko estrategia kontrako norabidean doa; munduan tabakismoaren kontrako borrokan ezinbestekoa den erreminta erabiltzeko aukera kenduko diete euskal herritarrei”.
Erresuma Batuko Osasun Publikoaren Agentziak egindako txostenaren arabera, zigarro elektronikoa % 95eko kalte gutxiago eragiten ditu, tabakoarekin alderatuta, eta botatzen duen baporeak ez du inolako ondoriorik eragiten inguruan dauden pertsonengan.
Areago, txosten hori oinarri hartuta, Erresuma Batuko Osasun Sistema zigarro elektronikoaren kontsumoa bultzatzen eta errezetatzen hasi da.
Horrez gain, Europako herrialdeek araudi ezberdinduak dituzte tabakoarentzat eta zigarro elektronikoarentzat, Munduko Osasun Erakundeak gomendatuta.
“Penagarria Jaurlaritzak tabakoaren kontrako borrokan prestigioa duten herrialde horien bideari jarraitu ez izana eta lege berria oinarri zientifikoen arabera landu ez izana. Tamalez, erretzaile euskal herritarrek pairatuko dituzte ondorioak”, deitoratu du Escrigek.
tu du Escrigek.