Itxi

Gizartea

Frankismoko krimenak

Ikerketa blokeatuta dagoela salatu dute frankismoaren biktimek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Maria Servini epaileak frankismo garaiko 19 goi-karguri deklarazioa hartzeko eskaera egin zuen, baina Justizia Ministerioak oraindik ez du erantzunik eman.

  • Jose Utrera, Rodolfo Martin Villa eta Fernando Suarez ministro ohiak inputatuta daude. Argazkia: EFE

    Jose Utrera, Rodolfo Martin Villa eta Fernando Suarez ministro ohiak inputatuta daude. Argazkia: EFE

Frankismoko biktimen abokatuek salatu dute Espainiako Gobernuak ez duela laguntzen Maria Servini epaileak hasitako ikerketan. Argentinak epaileak Francoren diktadura garaiko 19 goi-karguri Espainian deklarazioa hartzeko eskaera egin zuen, baina Justizia Ministerioak ez dion erantzunik eman.

Abokatuen arabera, Justizia Ministerioak ez du Argentinako agintari judizialek martxoaren 9an egindako eskaera tramitatu. “Bi herrialdeek sinatu zuten Asistentzia Judizialerako Hitzarmena urratzen ari da Espainia eta balizko prebarikazio delitu baten aurrean egon gaitezke”, ohartarazi dute.

Horrenbestez, Servini epailearen eskaera Auzitegi Nazionalean “berehala” tramitatzeko galdegin dute, Argentinan hasitako ikerketaren baitan inputatukoak galdekatu ahal izateko.

Amnistia Internazionalak ere gutuna igorri dio Rafael Catala Justizia ministroari, eskaera horri lehenbailehen erantzun diezaiola eskatuz.

“Espainiako agintariek Argentinari ikertzen utzi behar diote, krimenen ustezko egileak Espainian epaituko ez badituzte behintzat, eta oraingoz badirudi ez dela horrela izango; 40 urte eta gero urratsik eman gabe jarraitzen dute”, adierazi du Esteban Beltran Amnistia Internazionalak Espainian duen zuzendariak.

Justizia Ministerioak onartu du oraindik ez duela erantzunik eman, baina Argentinako Auzitegitik iritsitako eskaria aztertzen ari direla esan du, EFE albiste-agentziak zabaldu duenez.

Inputatuak

1936ko gerrako eta frankismoko krimenak ikertzen ari den Maria Servini epaileak inputatutako 19 lagunen artean Rodolfo Martin Villa, Jose Utrera Molina (Alberto Ruiz Gallardonen aitaginarreba), Antonio Carro Martinez, Alfonso Osorio Garcia, Jose Maria Sanchez-Ventura eta Fernando Suarez ministro ohiak daude.

Horrez gain, Puig Antichen kontrako epaia idatzi zuen abokatua, Carlos Rey, fiskal, epail, guardia zibil eta polizia izandakoak ere badaude inputatuen artean.