Itxi

Gizartea

Errefuxiatuen drama

Arropa eta elikagaiak Idomenira, Euskal Herriko boluntarioen eskutik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Boluntarioak larunbatean aterako dira Galdakaotik, kamioian, arropa eta janaria Idomeniko errefuxiatu-esparruraino eramateko.

  • Argazkia: EFE

    Idomenira bidaltzeko bildutako elikagaietako batzuk. Argazkia: EFE

Euskal Herriko boluntario talde bat arropak eta elikagaiak biltzen ari da, Idomeniko iheslarien esparrura eramateko.

Koldo Goñi Leioako Bikar Motor kontzesionarioko arduraduna eta Alvaro Saiz Galdakaoko Boluntarioen Elkarte Humanitarioko sortzaileak jarri zuten abian ekimena, zortzi pertsonako taldea osatu arte.

Larunbatean aterako dira, Goñik berak utzitako kamioi batean, Idomenira bidean. “Arropa eta elikagaiak banatzeko eta laguntza kudeatzeko behar adina denbora egongo gara han”, adierazi du Saizek.

Ez dute aparteko deialdirik egin jakiak eta janaria batzeko, baina aitortu dute bizkaitarren borondate onak gainezka egin diela. “Gaur bertan hiru toki ezberdinetatik deitu didate arropak eta elikagaiak bildu dituztela eta nora bidali behar dituzten galdetuz; ez nekien toki horietan ere bilketan ari zirela”, esan du herritarren ekarpenaz harrituta.

Tamalez, kamioian 3.500 kiloko zama eraman dezaketela eta arropa guztia ezin izango dutela eraman deitoratu du.

Horrez gain, umeak ere gogoan izan dituzte eta orriak eta margoak eramango dituzte haientzako.

Amaitzeko, bidaian parte hartu nahi duen oro ongi etorria izango dela esan dute.