Itxi

Gizartea

Pasaia-Donostia

Errefuxiatuen aldeko martxa jendetsua, Donostian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

'Ongi etorri donostiarrak' lelopean, Arrazakeriaren Kontrako Martxaren XIX. edizioak errefuxiatuak izan ditu gogoan. Hirurogei bat mugimenduk babestu dute ekimena.

1:19

Europara iritsi nahian euren herrialdeetatik ihesean  ateratzen diren milaka eta milaka errefuxiatuen egoera salatzeko, 2.000 lagun baino gehiagok hartu du parte Arrazakeriaren eta Xenofobiaren XIX. Martxan. Errefuxiatuak hartzeko bideak zabal ditzala exijitu diote Europari, "politika eraginkorrak" martxan jarrita.

SOS Arrazakeriak, Medicus Mundi Gipuzkoak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak deituta,  Pasaiatik Donostiara egin dute martxa, 'Ongi etorri donostiarrak' lelopean. Hirurogei bat elkarteak egin dute bat ekimenarekin.

Aurtengo edizioak izan duen parte-hartzea nabarmendu dute antolatzaileek.  Horien hitzetan, errefuxiatuei babesa adierazteko "donostiarren olatua" kalera atera da gaur, euren "etxeetatik ihes egitera behartuta dauden milaka errefuxiatu" egunero ateratzen diren bezala.

Martxaren helburuak arrazakeria eta xenofobia salatzea, eta, aldi berean, Gipuzkoako gizartea sentsibilizatzea direla esan dute antolatzaileek.

Manifestu bat irakurri dute martxaren amaieran, eta bertan nabarmendu dutenez, ezinbestekoa da lehenbailehen politika eraginkorrak abian jartzea. Europak gai honen inguruan "agerian utzi dituen kontraesanak" salatu dituzte.

"EBko kide diren herrialdeek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala sinatuta dute; jazarpena pairatzen duen pertsona orok du asiloa edo babesa edozein herrialdetan eskatzeko eskubidea, adierazpen horren arabera", esan dute.