Gizartea
MARTXOAK 8
NBEk berdintasuna aldarrikatuko du Emakumearen Nazioarteko Egunean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakumearen Nazioarteko Egunean, ekitaldi musikalak zein artistikoak, debateak eta berdintasunaren aldeko aldarriak izango dira.
-
NBEk bultzatutako Agenda 2030 programak diskriminazioa borrokatzea du helburu. Argazkia: EITB.
NBEk bihar, martxoak 8, ospatuko du Emakumearen Nazioarteko Eguna New Yorken (AEB), hainbat ekitaldirekin. Era berean, berdintasunaren aldeko ekintzak abiarazteko deia ere egingo du.
‘2030ean 50-50 planeta baten alde: genero berdintasunerako urratsa eman dezagun’ lelopean, erakundeak emakumeak babesteko agenda global baten beharra defendatuko du. Agenda 2030 deitutako ekimenak emakumearen kontrako diskriminazio oro borrokatzea du xede. Halaber, emakumeen aurkako edozein indarkeria motarekin amaitu, eta umeen arteko ezkontzak eta mozketa genitala, esaterako, geldiaraztea dira programaren helburuetako batzuk.
"Munduan genero berdintasuna lortzeko, finantziazio sendoa, sustapena sendotzeko ekintzak eta borondate politiko tinkoa behar dugu. Gure etorkizuna garatzeko inbertsio handia da hau", adierazi du Ban Ki-moon NBEko buruak martxoaren 8rako mezuan.
Ekitaldiak eta pertsona ospetsuak
NBEk ospatuko duen Emakumearen Nazioarteko Egunean, adituek eta erakundeko kideek gidatutako bi debate eta hainbat musika ekitaldi egongo dira.
Gainera, egunean zehar, New Yorken beste ekitaldi batzuk ospatuko dira. Wall Streeten, kasu, NBEk berdintasunak negozio munduan duen garrantzia azpimarratuko du. Ekimenean, mundu osoko 35 balore-merkatuk hartuko dute parte, haien artean, Nasdaq-ek. Phumzile Mlambo-Ngcuka NBE Emakumeak erakundeko zuzendariak itxiko du sesioa.
Bestetik, Emma Watson aktore britainiarra NBE Emakumeak erakundeko enbaxadorea da. Ekitaldien egunean, bere azken kanpaina inauguratuko du, "arteen astea" deiturikoa. Bertan, antzerkiek, museoek eta New Yorkeko beste kultur erakunde batzuek genero berdintasuna bultzatuko dute.