Itxi

Gizartea

TRAFIKOA ETA GENEROA

Emakumeak zuhurragoak dira gidatzerakoan, Eusko Jaurlaritzaren arabera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Euskadin, gidabaimena duten pertsonen % 59 gizonezkoak dira, eta % 41 emakumeak. Halaber, trafiko istripuetan zauritutako gidarien % 70 gizonak dira, eta % 30 emakumeak.

  • Euskadin, 1.239.026 lagunek dute gidabaimena. Argazkia: EITB

    Euskadin, 1.239.026 lagunek dute gidabaimena. Argazkia: EITB

Euskadin izandako istripuen datuak berrikusi eta gero, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak berretsi du emakumeak gizonezkoak baino zuhurragoak direla gidatzerakoan. Horregatik, erakundeak proposatu du autoeskoletan gizonen portaera arriskutsuak saihestea jorratzea, eta emakumeek ibilgailuen gainean duten ezagutza teknikoa hobetu dezatela.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak "Genero-ikuspegia eta bide-segurtasuna" izeneko ikerketa ezagutzera eman du. Bertan, datuek erakusten dute iaz, Euskadin, trafiko istripuetan hildako pertsonen % 79 eta larri zauritutakoen % 74 gizonezkoak zirela.

Ikerketaren ondorioei jarraiki, errepidean emakumezkoek gizonezkoek baino jokaera zuhurragoak dituzte. Hori ez da emakumeek gutxiago gidatzen dutelako, jokaera zuhurragoak hartzen dituztelako baizik.

Analisia eta gomendioak

Euskadiko istripu-datuen analisiaren arabera, Euskadin, 1.239.026 pertsonak dute gidabaimena, eta, horietatik, % 59 gizonezkoak dira eta % 41 andrazkoak. Hala ere, trafiko istripuetan zauritu diren pertsonei dagokionez, datuak Europakoen antzekoak dira, gizonak % 70, eta emakumeak % 30.

Ikerketak hainbat gomendio jasotzen ditu, adibidez, genero-analisia sustatzea, bide-segurtasunari lotutako ikerketak egiterakoan eta sentsibilizazio kanpainak abiatzea.