Itxi

Gizartea

Erraustegia

2.000 lagun inguru, Zubietako erraustegiaren kontrako martxan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Errausketaren kontrako mugimenduak erraustegiaren finantziazioan ez laguntzeko dei egien arduradun politikoei eta eragile sozialei.

0:41

Ia 2.000 lagunek parte hartu dute Zubietako erraustegiaren kontra igande honetan egin duten martxan. Parte-hartzaileek Zubietako erraustegia gelditzea eskatu dute "zentzugabea", ekonomikoki "garestia" eta osasunerako zein ingurumenerako "kaltegarria" delako. Hori dela eta, mezu argi eta bakarra aldarrikatu dute: "Errausketarik ez, ez Zubietan, ez inon".

Errausketaren kontrako Mugimenduak deituta, zazpi zutabe atera dira Andoain, Zizurkil, Hernani, Añorga, Lasarte-Oria, Usurbil eta Zubietatik erraustegia egin nahi duten tokira arte.

Hainbat alderdi politiko, sindikatu eta eragilek deiarekin bat egin dute, hala nola, Sortuk, Ezker Anitzak, Equok, Irabazik, Lasarte Oriako Ahal Duguk, ELAk eta LABek.

Hasiera batean ekitaldi nagusia erraustegia egin nahi duten lurretan egitekoa bazen ere, eguraldi txarragatik Zubietako frontoian egin dute. Bertan oharra irakurri dute Teresa Lopez de Muniainek eta Estitu Eizagirrek.

Komunikatu horretan azaldu dutenez, protestaren helburua erraustegia "behin betiko gelditzea da". Aurreko legegintzaldian EH Bilduk proiektua geldiarazi zuen, baina Gipuzkoako Foru Aldundira itzulita, EAJk berriz ere martxan jarri du proiektua.

Hori dela eta, Zubietako erraustegiaren finantzazioan ez laguntzeko dei egin die Errausketaren Kontrako Mugimenduak arduradun politikoei eta eragile sozialei, horren esanetan, osasunerako "kaltegarria" eta ekonomikoki "garestia" delako.

Deitzaileen esanetan, Zubietako erraustegia "ez da beharrezkoa"; izan ere, hondakinen % 90 birziklagarriak eta konpostagarriak dira.

Halaber, 300 milioi euro inguruko kostua duela eta osasunarentzat zein ingurumenarentzat kaltegarria dela azpimarratu dute, besteak beste, "berotegi efektua eragiten duten gasak" aireratzen dituelako eta "zabortegiak saihesten ez dituelako".