Itxi

Gizartea

Hodei Egiluzen heriotza

Galdakaoko alkatea: 'Amaitu egin dira gure itxaropenak'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ibon Uriberen hitzetan, gertatutakoaren arduraduna edo arduradunak "nortzuk" diren eta "zergatik" egin duten argitu beharra dago.

Ibon Uribe Galdakaoko alkateak adierazi du Hodei Egiluzen heriotzak amaitu egin dituela gaztea bizirik topatzeko "itxaropenak".

Agintaria Anberesetik itzuli da gaur arratsaldean, eta agerraldia eskaini du Galdakaoko udaletxean, udal talde guztietako ordezkariekin batera, dolu-minak adierazteko.

Uriberen esanetan, Hodeiren heriotza "inor jasotzeko prest ez dagoen kolpea izan da", eta horren senideek 853 eguneko borroka egin dutela nabarmendu du, hura topatzeko.

Orain, gertatutakoaren arduraduna edo arduradunak "nortzuk" diren eta "zergatik" egin duten argitu beharra dago. Horren ildotik, alkateak bat egin du Hodeiren gurasoek egindako eskaerarekin.

"Hodeiren memoria eta horren senideen eta lagunen borroka nekaezinak [gertatutakoa argitzea] merezi du", esan du, eta Udala laguntzeko prest dagoela nabarmendu du.

Alkateak gogorarazi duenez, ia 900 egunez Galdakaoko herritar guztiak "kalera" atera dira, gaztea "etxera itzultzea" eskatzeko. "Egindakoaren oihartzuna geratuko da, denok garela Hodei ozen oihukatzeko", gaineratu du.

Bestalde, Uribek eskerrak eman dizkie herritar eta erakunde guztiei, Udalaren eta Hodeiren familiaren izenean, hura bilatzeko emandako kolaborazioagatik.