Itxi

Gizartea

Mendekotasunen legea

Kalean alkohola edatea, bai; estadioetan erretzea, ez

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Azkenean, Legebiltzarrak ez du debekatuko kalean alkohola edatea, eta araudi hori udalen esku egongo da, orain arte bezala.

Eusko Legebiltzarrak ez du debekatuko kalean alkoholdun edariak edatea, oposizioak hala adostuta.

Eusko Jaurlaritzak 2014ko abenduan onartutako Mendekotasunen Legeak debekatu egiten zuen oro har kalean alkohola kontsumitzea, herri bakoitzeko udalak festa jakin batzuetan baimentzen duen kasuetan izan ezik.

Legebiltzarrean, lege proiektu hori aztertzen ari diren lantaldean, baina, EH Bilduk debeku hori testutik kentzea eskatu du, eta PSE-EEk babesa agertu dio. PP abstenitu egin da, eta EAJk aurka bozkatu du.

Horrenbestez, kaleko alkohol kontsumoaren erregulazioa udalen esku egongo da, orain arte bezala, eta ez da debeku orokorrik egongo.

Akordioa zabalagoa izan da herritarrentzat zabalik dauden espaziotan erretzea debekatzeko orduan, horiek publikoak zein pribatuak izan. Hori dela eta, debekatuta egongo da estadioetan, zezen plazetan eta beste espazioetan erretzea, lege proiektuak jada aurreikusten zuenez.

Sozietate gastronomikoei dagokienez, Jaurlaritzaren lege proiektuak debekatu egiten zuen bertan ere erretzea, baina orain akordioa lortu dute leku horietan erretzea baimentzeko, bazkideek ala adosten badute. Hori bai, betiere adingaberik ez badago.

Lantaldeak ostiralean bukatuko ditu lanak, eta, ondoren, testua osoko bilkuran eztabaidatuko dute, Ganberak onar dezan.

Legean kalamu klubak ere arautuko dituzte, horiek legalki aitortzeko. Nolanahi ere, erregelamendua etorkizunean garatuko dute.

Halaber, zigarro elektronikoek zigarro arrunten erregulazio berbera izango dute.

Legeak alkohol edarien salmenta eta publizitatea ere arautuko du.