Gizartea
Belgika
DNA probek zehaztuko dute Anberesen topatutako gorpua norena den
Agentziak | Erredakzioa
Fiskaltzak ez du hipotesirik baztertu. Hodei Egiluzen familia autopsiaren emaitzen "zain" dago.
DNA probak egingo dizkiote ostegunean Anberesko Escalda ibaian topatutako gorpuari, eta horiek zehaztuko dute norena den. Fiskaltzak hipotesi guztiak ditu zabalik, eta zuhurtzia eskatu du.
Hilotza 2015ean hondoratu zen ontzi bat ateratzeko lanetan ari zirela aurkitu zuten. Antza, denbora zeraman uretan, eta une horretan behintzat, ezin izan zuten zehaztu emakumezkoa edo gizonezkoa ote zen ere. Datozen orduetan jakinaraziko dituzte proben emaitzak.
Anberesko Fiskaltzaren bozeramaile batek EFE albiste agentziari azaldu dionez, gorpua Kattendijkdok izeneko eremuan topatu zuten. "Ezin izan genuen berehalakoan identifikatu. Esan dezakegun bakarra da hilotzak denbora asko zeramala uretan. Beraz, gaur-gaurkoz, ez dugu ezer baztertzen", nabarmendu du.
Child Focus desagertutako haur eta gazteen bila jarduten duen erakundeak adierazi duenez, bestalde, gaur egingo diote autopsia gorpuari. "Ez dakigu norena den", azaldu du bozeramaile batek, "zuhurrak izan behar gara". Erakunde horren hitzetan, gaur bertan ezagut daitezke proben emaitzak, "baina hori dagoen egoeraren araberakoa da", erantsi du.
Egiluzen familia, "zain"
Hodei Egiluzen familia autopsiak zer esango "zain" dagoela esan du, oraingoz ez baitakite aurkitutako gorpua Galdakaoko gaztearena izan ote daitekeen.
Familiaren bozeramaile batek EFE albiste agentziari esan dionez, desagertu zenetik, 2013tik, "hainbat" gorpu topatu dituzte ibaian, baina gerora egindako probek baztertu egin dute gazte bizkaitarrarena zela.
Bost lagun desagertu dira inguru horretan
Azken urteetan, bost lagun desagertu dira Anbereseko Escalda ibaiaren inguruan, tartean Hodei Egiluz galdakoztarra. Gazte bizkaitarra 2013ko urrian ikusi zuten azkenekoz, lagun batzuekin afaltzera irten eta gero. Portuko eremuan kokatu zuten hainbat segurtasun kamerek, baina urpekariek bila jardun zuten arren, ez zuten ibaian ezertxo ere topatu. Desagertzearen bi urte bete zirenean ikerketa itxi zuen Fiskaltzak.