Itxi

Gizartea

AEB

Lau militar ohi salvadortar atzeman dituzte, Ellacuriaren hilketagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jesuita bizkaitarra El Salvadorreko militarrek hil zuten, herrialde horretako gerra zibilean.

  • Ignacio Ellacuria bizkaitar jesuita. EiTB

    Ignacio Ellacuria bizkaitar jesuita. EiTB

Lau militar ohi salvadortar atzeman dituzte Ignacio Ellacuria jesuita bizkaitarraren eta beste bost jesuitaren hilketagatik. Espainiako Justiziak 17 militar ohi Espainiaratzea eskatu zuen eta hamazazpi horietako lau dira gaur harrapatu dituztenak. Hala baieztatu du El Salvadorko Poliziak.

Dena den, Poliziak Twitter bidez jakinarazi duenez, aurrera darrai Espainiak atxilotzea eskatutako gainerako pertsonak aurkitzeko eta atxilotzeko polizia operazioak.

Atxilotutako militarrak Guillermo Alfredo Benavides koronela, Ramiro Avalos Vargas eta Tomas Zarpate Castillo sarjentuak eta Angel Perez Vasquez kaboa dira.

Aipaturiko 17 militarrak bilatzeko eta atxilotzeko polizia operazioa ostirale gauean hasi zen El Salvadorko hainbat txokotan, Interpolek egindako eskariari erantzunez.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak aipaturiko 17 militar ohi salvadortarrak atzemateko agindua berretsi zuen urtarrilaren 5ean. 2011ko abuztuan eman zuen lehendabizikoz agindua.

Ignacio Ellakuria jesuita bizkaitarrarekin batera, Segundo Montes, Ignacio Martín-Baro, Armando Lopez eta Juan Ramon Moreno jesuita espainiarrak eta Joaquin Lopez jesuita salvadortarra hil zituzten. Halaber, sarraski berean Elba Julia Ramos eta Celina ere akabatu zituzten.

Atzo, AEBko epaile batek argi berdea eman zion Inocente Montano El Salvadorreko koronel ohi eta Defentsa ministrorde ohia Espainiatzeari, hilketarekin lotuta.

Ellacuriaren hilketagatik akusatuetako bat Espainiaratu egingo dute

AEBko epaile batek onartu egin du Inocente Montano El Salvadorreko koronel ohia Espainiaratzea, bost jesuita, tartean Ignacio Ellacuria bizkaitarra, hiltzea egotzita.

EFE agentziak jakinarazi duenez, Kimberly A. Swank Ipar Karolinako epaileak ebatzi du AEBren eta Espainiaren arteko itunek baimendu egiten dutela estradizioa.

Montano El Salvadorreko Defentsa ministrordea zen Ellacuria hil zutenean, eta hura Espainiaratzea Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak eskatu zuen 2011n.

Nolanahi ere, akusatuak helegitea aurkez dezake. Horregatik, erabakia ez da behin betikoa oraingoz, auziko fiskalak ohartarazi duenez.

Militar salvadortar ohia behin-behineko espetxealdian dago Ipar Karolinako kartzela batean.

Prozesu judizialean, Montanok hilketekin lotura duela defendatu zuen AEBk, Armadaren irratian mehatxu egin baitzien jesuitei.

Halaber, sarraskiaren bezperan, Defentsa ministrordea bilera batean izan zen, eta, horretan, militar batek, Rene Emilio Ponce koronelak, hilketak egitea agindu zion Guillermo Alfredo Benavides koronelari.

"Hil ezazue Ellacuria, eta ez utzi lekukorik", agindu ei zuen Poncek, Montano aurrean zegoela. Antza denez, Montanok berak zehaztu zuen, bilera horretan, non zegoen euskal jesuita.

"Akusatuak hilketa terroristak egin zituela pentsatzeko zantzuak daude", ebatzi du AEBko epaileak.

El Salvadorrek epaiketa egin zuen Montanoren eta beste 19 militarren aurka, baina Velasco epaileak nabarmendu zuen iruzur izan zela.