Itxi

Gizartea

ZIKA BIRUSA

Zika nazioarte mailako osasun larrialdia den erabakiko du gaur MOEk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mundu osoko adituek osatzen dute Larrialdietarako Batzordea, eta bideokonferentziaz bilduko dira gaur. Agerraldiaren arrisku maila erabaki ondoren, hartu beharreko neurriak ere zehaztuko dituzte.

zika

Zika birusaren agerraldia nazioarte mailako osasun larrialdia den edo ez erabakiko du gaur Munduko Osasun Erakundearen Larrialdietarako Batzordeak. Oraingoz, Hego Amerikan ari da hedatzen birusa, batez ere.

Mundu osoko adituek osatzen dute Larrialdietarako Batzordea, eta bideokonferentziaz bilduko dira gaur. Zika agerraldiaren arrisku maila erabaki ondoren, hartu beharreko neurriak ere zehaztuko dituzte.

Besteak beste, haurdun dauden emakumeei birusa zabaldutako herrialdeetara bidaiatzeko debekua ezarriko zaien jakiteko ikusmina dago. Hainbat tokitan, dagoeneko, agintariek haurdun ez gelditzeko aholkua zabaldu diete emakumeei, birusari aurre egin artean.

Hogei bat birologok, neurologok eta epidemiologok osatzen dute zika agerraldia aztertuko dute lan-taldea. Batez ere, birusak mikrozefalia kasuekin zerikusia duen jakin nahi dute. Izan ere, adituen esanetan, mikrozefalia kasuak nabarmen areagotu dira birusa agertu den tokietan.

13:00etan bilduko da Munduko Osasun Erakundea, eta, ondo bidean, bihar edo etzi jakinaraziko dute erabakitakoa. Aurrena, adostutakoarekin txostena idatzi behar dute, eta ondoren, Margaret Chan Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusiak oniritzia eman beharko dio testuari.

Azken datuen arabera, 24 herrialdetan agertu da zika birusa. Brasil da kaltetuena: milioi eta erdi zika kasu zenbatu dituzte herrialde horretan, eta 4.180 haur mikrozefaliarekin jaio dira.