Itxi

Gizartea

Klima aldaketa

Akordioaren aurkezpena larunbatera arte atzeratu dute goi-bileran

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Besteak beste, 2050ean isuriak murrizteko helburu bat zehaztea baztertu dute negoziatzaileek, nahiz eta EBren asmoa hori izan, eta 2100ean ikatzen ekonomiak desagertzeko xedea ere zokoratu dute.

1:41

Klima aldaketaren kontrako akordioaren aurkezpena larunbatera arte atzeratu dute. Gaur aurkeztu behar zuten, baina bihar goizera arte atzeratu dute, Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak gaur iragarri duenez.

“Nik uste bezala, testua ez dut ostiral gauean aurkeztuko, larunbat goizean baizik”, adierazi du Fabiusek BFM telebista-katean, arrazoiak zehaztu gabe.

Agiri berriak akordioaren “forma” du dagoeneko, adituek jakitera eman dutenez.

Testuak 27 orrialde ditu. Itunak 12 orri ditu, eta gainerako 15ak erabakia garatzeko dira. Fabiusen ahotan, ostegun gaueko egoerarekin alderatuta “aurrerapauso” bat da. Hala ere, oraindik puntu garrantzitsu batzuk adosteke daudela onartu du, eta, besteak beste, akordioaren asmoak, herrialde aberatsen eta pobreen arteko aldeak, eta azken horien finantziazioa aipatu ditu.

“Erantzukizun komunak, baina ezberdinak"

Testuko sarreraren arabera, klima aldaketari aurre egiteko “erantzukizun komunak, baina ezberdinak” zehaztu behar ditu itunak, eta baita garapen bidean dauden herrialdeak eta estatu ahulenak kontuan hartu ere.

Industrializazio garaiaren aurreko tenperaturaren azpitik bi gradu mantentzeko helburua proposatu du akordioak, eta Lurreko tenperaturak 1,5 gradutik gora ez egitea nahiko lukete, klima aldaketaren hondamendiak saihesteko.

Epe luzeko xedeei dagokionez, “lehenbailehen isuriei muga bat jartzeko” konpromisoa hartu dute herrialdeek. Mendeko bigarren erdian berotegi efektua eragiten duten gasen neutraltasuna lortzeko helburua proposatu dute, hau da, planetak xurgatu ditzakeen baino gas kutsatzaile gehiago ez isurtzeko konpromisoa.

Besteak beste, 2050ean isuriak murrizteko helburu bat zehaztea baztertu dute negoziatzaileek, nahiz eta Europar Batasunaren asmoa hori izan, eta 2100ean ikatzen ekonomiak desagertzeko xedea ere alde batera utzi dute.