Itxi

Gizartea

Klima aldaketa

Parisko Goi-bilerak bidea erraztu du AEBk akordioa sina dezan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gas kutsagarrien isuriak murrizteko konpromisoak legez betetzeko beharra kendu dute zirriborrotik.

1:01

Parisko Goi-bileran (COP21) klima aldaketari aurre egiteko akordio globala adosteko ahaleginek eta negoziazioek bultzada garrantzitsua jaso dute azken orduetan, azken zirriborroan kendu egin baitituzte balizko itunarekin bat egiteko hainbat herrialdek ikusten zituzten zailtasunak.

Hain zuzen ere, gas kutsagarrien isuriak murrizteko konpromisoak legez bete behar izatea kendu dute zirriborrotik, AEBk, Txinak eta Indiak eskatu bezala. Horrek erraztu egin lezake herrialde kutsatzaileenek itunarekin bat egitea.

Zirriborro berria sinpleagoa da: 29 orri ditu (aurrekoak 48 zituen), eta horietatik 14 baino ez dira akordioari dagozkionak. Beste 15etan, itunaren ideiak garatu dituzte.

Klima aldaketaren aurkako akordioa lege bihurtu ordez, konpromisoak berrikusteko mekanismo bat proposatu du AEBk.

Halaber, herrialdeek 2018an edo 2019an beste goi-bilera bat egiteko borondatea agertu dute, gas isuriak murrizteko helburuak 2020an edo 2021ean berrikusteko.

Nolanahi ere, Parisko Goi-bilerako presidenteak, Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak, ohartarazi du akordioa ez dagoela itxita oraindik. Izan ere, oztopo nagusiak "arindu" egin dituzte, baina ez "konpondu".

Zailtasun nagusia da nork ordainduko duen herrialde pobreen faktura klima aldaketaren aurkako konpromisoak betetzeko moldaketak egin ahal izateko, eta norentzat izango den nahitaezkoa akordioa betetzea.

Bestalde, oraindik ere airean dago zein izango den itunaren helburua: tenperatura globala 2 ºC edo 1,5 ºC ez igotzea. 120 herrialde formula misto baten alde agertu dira: beroketa 2 ºC ez hazteko konpromisoa sinatzea, baina egokiena 1,5 ºC ez igotzea dela aitortzea.

Goi-bilera ostiralean da amaitzekoa, eta hainbat herrialdek bat egin dute "anbizio handiko" itun bat lortzeko, tartean AEBk, Europar Batasunak, Mexikok eta Kolonbiak.

Elkarte ekologisten ustez, zirriborroan gauza "onenak eta txarrenak" islatuta daude oraindik. Horrenbestez, lan asko egin beharko da hurrengo orduetan, petrolioa ekoizten duten herrialdeek akordioa bide "txarretik" ez bideratzeko, Greenpeacek ohartarazi duenez.