Gizartea
Klima aldaketaren goi-bilera
Gutxienez 341 atxilotu Parisen, goi-bileraren kontrako protestatan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Poliziak manifestarien kontra kargatu du eta negarra eragiteko gasa erabili du horiek sakabanatzeko. Izan ere, Frantzian ezarritako larrialdi egoeraren harira, debekatuta daude manifestazioak.
Gutxienez 341 lagun atxilotu dituzte igande honetan Parisen, azaroaren 30etik abenduaren 11ra bitartean Frantziako hiriburuan egitekoa den klima aldaketari buruzko goi-bileraren harira antolatutako protestatan.
Ingurumen ekintzaile andana elkartu da Parisko Errepublika plazan, manifestazioak egiteko ezarritako debekuari aurre eginez.
Izan ere, Parisko atentatuen ondotik Frantzian ezarri duten larrialdi egoeraren harira, debekatuta dago manifestazioak egitea.
Michel Cadot Parisko poliziaren prefetak adierazi duenez, ez da inor zauritu. Haren esanetan, manifestarien eta Poliziaren artean izandako enfrentamenduetan manifestari batek azaleko zauriak izan ditu aurpegian.
Cadoten hitzetan, 2.000 eta 2.500 lagun inguru elkartu dira Errepublika plazaren inguruetan klima aldaketari buruzko goi-bileraren kontra protesta egiteko. Polizia iturrien arabera, debekuari aurre eginez indarkeria eragiteko osagaiak zituzten hainbat lagun segizioa egiten ahalegindu dira. Cadotek azpimarratu du talde txikitan antolatuta eta aurpegia estalita zuten hainbat lagunek poliziei eraso egin diela eta horiek "proportzioz" erantzuten dutela. Atxilotuei araudiak ezartzen dituen isunak ezarriko zaizkiela gaineratu du Cadotek.
Manifestazioak egiteko debekuari aurre eginez, hainbat eragilek ekintza alternatiboak antolatu dituzte. Hala, Avaaz elkarteak 10.000 zapata bildu ditu Errepublika plazan, manifestazioak egiteko debekua islatzeko.
Bestalde, milaka lagunez osatutako giza katea egin dute Errepublika plazaren eta Nazioaren plazaren artean.