Gizartea
Garoñako zentral nuklearra
Garoña berriz irekitzea saihesteko aukera guztiak agortuko ditu Arabak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Garoñan egin nahi duten hondakin nuklearren biltegiaren inguruan Espainiako gobernuak egindako ingurumen txostena aztertzeko eskatu die Arabako ahaldun nagusiak zerbitzu juridikoei.
-
Garoñako zentral nuklearra. Artxiboko irudia: EiTB
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan ohartarazi duenez, haren gobernuak "aukera guztiak agortuko ditu" Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzea saihesteko.
Garoñan hondakin nuklearren biltegia egiteko baimena eman du Espainiako Ingurumen Ministerioak; zehazki, ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena eman berri du. Orain, zabaltzeko lizentzia baino ez da falta.
Ingurumen-inpaktuari buruzko ebazpen horren kontra helegitea jartzeko aukerarik badagoen aztertzeko eskatu die Arabako ahaldun nagusiak zerbitzu juridikoei.
Balizko helegite hori, justizia auzitegiek Garoñako zentral nuklearraren inguruko gaietan Arabari aitortzen dioten "interes legitimoan" egongo litzateke oinarrituta. Horren arabera, ingurumen-inpaktu hori onartzerako garaian Arabako instituzioak aintzat hartu beharko lirateke, parte interesatua den neurrian.
Gonzalezek ohartarazi duenez, txostenaren emaitzaren baitan hartuko du erabakia Arabako Foru Aldundiak. Edozein kasutan, Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzea saihesteko konpromisoa berretsi du Gonzalezek.