Gizartea
Krisia
Frantziak 24.000 errefuxiatu hartuko ditu datozen bi urteetan
agentziak | erredakzioa
Bestalde, Hollandek iragarri du Armadak ikuskapenak egiteko hegaldiak egingo dituela Sirian Estatu Islamikoaren kontrako bonbardaketak egitea aztertzeko.
François Hollande Frantziako presidenteak iragarri du 24.000 errefuxiatu hartuko dituela datozen bi urteetan, Europako Batzordeak 120.000 errefuxiatu jasotzeko egindako kuota proposamena betez.
Hollandek prentsaurreko batean azaldu duenez, aurten Mediterraneoa zeharkatu duten 350.000 etorkin eta errefuxiatuak "iaz baino hiru aldiz gehiago" dira, eta, horren aurrean, "krisia gainditu beharra dago" eta "Frantziak parte hartuko du arazoari irtenbidea ematen", azaldu du.
"Drama horien aurrean, errefuxiatuak hartzeko mekanismo iraunkorra eta nahitaezkoa proposatu dut, herrialdeen arteko banaketan oinarrituta", esan du Frantziako presidenteak, Frantziako Estatuaren kasuan horrek "24.000 errefuxiatu hartzea" ekarriko duela jakinarazi aurretik.
Era berean, pertsona horiei laguntzeko, "jatorrizko" herrialdeei eta "igarobide direnei" lagundu behar zaiela azpimarratu du. Hala, hilaren 14an, Barne ministroen goi-bileran Alemaniak eta Frantziak elkarlanean osatutako proposamen "globala" aurkeztuko omen dute.
Gainera, Hollandek "errefuxiatuei buruzko nazioarteko konferentzia bat" egitea proposatu du, eta Paris eskaini du egoitza gisa.
Frantziak 60.000 asilo eskaera inguru jasoko dituela uste du Hollandek, eta Alemaniaren kasuan kopuru hori 800.000ra iritsiko dela. Hala, egoera oso desberdina dela azaldu du.
Bonbardaketak Sirian
Bestalde, Hollandek iragarri du Armadak ikuskapenak egiteko hegaldiak egingo dituela Sirian, Estatu Islamikoaren kontrako bonbardaketak egitea aztertzeko.
"Bihartik aurrera ikuskapenak egiteko hegaldiak egitea erabaki dut, nazioarteko koalizioarekin lankidetzan. Ondoren, jasotzen dugun informazioaren arabera, bonbardaketak egiteko prest egon gintezke", adierazi du Frantziako presidenteak. Parisek dagoeneko hartzen du parte Estatu Islamikoaren kontrako kanpainan, baina orain arte Irakera mugatu dituzte erasoak.
Dena dela, baztertu egin du lurreko eraso militarra egitea, "inkontsekuentea" eta "irrealista" delakoan.