Gizartea
Errefuxiatuen krisialdia
Bilbok bat egingo du errefuxiatuak hartzeko ekimenekin
Agentziak | Erredakzioa
Udalak adierazi du bat datorrela Jaurlaritzak egindako balorazioarekin, eta baliabideak jarriko ditu, behar izanez gero, errefuxiatuak artatzeko.
EAEn errefuxiatuei emango zaien arretaren inguruan erabaki bat noiz hartzeko zain dago Bilboko Udala, eta, esan duenez, bat egingo du horretara zuzentzen diren ekimenekin.
Ohar baten bidez, Udalak kritikatu egin du errefuxiatuek Europan bizi duten egoera, eta esan du "isilean" elkarlanean ari dela erakunde, elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeekin, "modu egokian informatzeko, eta goi mailako erakundearekin, alegia, Eusko Jaurlaritzarekin, etengabe harremanetan".
Eusko Jaurlaritzak batzordea eratu du errefuxiatuen krisialdiari aurre egiteko, eta harremanetan jarri da Espainiako Gobernuarekin Estatuak arlo horretan hartutako konpromisoen berri izateko. Jaurlaritzaren arabera, "Euskadik elkartasunez jokatuko du, eta larrialdi eta hondamendi humanitario horrek eskatzen duen maila emango du, beti egin duen moduan".
Udalak bat egin du Jaurlaritzaren balorazioarekin, eta baliabideak jarriko ditu, behar izanez gero, errefuxiatuak artatzeko.