Gizartea
Donostiako Udala
Kontxako estropadak kultur ondasun immaterial izendatzea eskatu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ernesto Gasco Donostiako Turismo arduradunak Kontxako estropadak Kultur Ondasun Immaterial izendatzea proposatu du. 2011ko martxoan adostutako udal akordioa berreskuratzea eskatu du.
Ernesto Gasco Donostiako Udaleko Turismo arduradun eta PSE-EEren bozeramaileak Kontxako estropadak Kultur Ondasun Immaterial izendatzea proposatu du, eta 2011ko martxoan onestu zen udal akordioa berreskuratzea eskatu du horretarako.
Donostiako Udaleko Turismo zinegotziak azaldu duenez, "Donostiako jai egutegiko ekitaldirik nabarmenetakoa dugu Kontxako Bandera urtetsua. Hainbat eta hainbat zale elkartzen ditu badian, nor bere herriko traineruaren kolorearen alde, eta iraileko lehen bi igandeetan kirol eta kultur erakargarria izan ohi da".
2011ko martxoaren 25ean, adierazpen bat onartu zuen Donostiako Udalak, Kontxako Estropadak Kultur Ondasun Immaterial izendatzea eskatzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari. "Harrezkero, legealdi oso bat igarota, ez dugu ezer jakin, eta berriro heldu nahi diogu gaiari", adierazi du Gascok.
UNESCOren ustetan, kultur ondarea ez dira, soil-soilik, monumentuak eta gauzen bildumak, gure arbasoengatik jaso eta ondorengoei utzitako ohiturak edo adierazpide biziak ere badira; ahozko tradizioak, ikuskizunak, gizarte ohiturak, festa ekintzak eta abar. "Ondare ukiezin edo kultur ondasun immaterial deritzona da, eta horrelako aitorpen bat merezi dute Kontxako estropadek", Turismo zinegotziaren ustez.
Gascok adierazi du Kontxako estropadak kultur ondasun immaterial aitortzea "oso interesgarria izango litzatekeela, hurrengo urtean Donostia Europako Kultur Hiriburu izatearekin batera, gure berezko elementu propioa eta, era berean, unibertsala baitira".