Itxi

Gizartea

Immigrazioa

Lau etorkin atzeman dituzte kamioi baten barruan, Nafarroan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lau etorkinen -bi heldu eta bi adingabe- asmoa Frantziatik Erresuma Batura heltzea zen, baina konturatu gabe Madrilera zihoan kamioi batean sartu ziren.

Nafarroako Foruzaingoak lau etorkin atzeman ditu kamioi baten atoian Iruñerriko zerbitzugune batean, Foru Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez.

Hozkailu motako atoi batean onik aurkitu dituzte etorkinak, hain zuzen ere, ibilgailuaren sabaiaren eta zamaren arteko 40 zentimetroko tokian.

Abuztuaren 18an aurkitu zituzten, Nafarroako Gobernuak gaur arte horren berri eman ez badu ere.

Aurkitutako laurak gizonezkoak dira: bi heldu iraniar eta adin txikiko bi irakiar. Etorkinen esanetan, Frantziatik Erresuma Batura heltzea zen beren asmoa, baina konturatu gabe Madrilera zihoan platanoz betetako kamioi batean sartu ziren. Antza denez, Frantziako Tours herriko zerbitzugune batean igo ziren ibilgailura.

Kasu horietarako ezarritako prozedura jarraituz, helduak Frantziako agintarien esku utzi dituzte eta adingabeak, berriz, Nafarroako Gobernuaren Harrera eta Orientazio Zentrora eraman dituzte. Bestalde, adingabeak direla egiaztatu ondoren Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dituzte.