Gizartea
Donostia
Goia: 'Zezenketak ikuskizun legalak dira, ez dira debekatu behar'
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako alkateak nabarmendu duenez, etorkizunean egoera aldatuko balitz, eta legez kanpoko joko balituzte, Donostian ere erabaki bera hartuko lukete.
Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu duenez, "gaur gaurkoz, zezenketak ikuskizun legalak dira eta, beraz, Udalak ez ditu zertan debekatu behar eta ez dizkie aparteko mugak ezarri behar". Dena dela, etorkizunean egoera aldatuko balitz, eta legez kanpoko joko balituzte, Donostian ere erabaki bera hartuko luketela agertu du.
Atzo Donostiako Aste Nagusian zezenketak egitearen kontrako manifestazioaz galdetu diote Donostiako alkate berriari Onda Vasca irrati kateari egindako elkarrizketa batean. Elkarretaratzean parte hartu zutenen iritzia "errespetatzen" duela adierazi, eta gaia "polemikoa" dela aitortu du.
Dena dela, Goiaren iritzian, "eztabaia hori ez da udalean egin beharrekoa. Etorkizunean, egoera, orokorrean, aldatuko balitz, Donostian ere aldatuko litzateke, baina gaur gaurkoz, ikuskizun legala da eta ez dut uste Udalak debekuak edo aparteko mugak ezarri behar dituenik", erantsi du.
Gipuzkoako hiriburuko hainbat taberna eta hotelean dauden prezio garestien harira galdetuta, alkateak onartu du batzuek "prezio altuak" dituztela. "Hor kezkagarriena, baina, ez da hori. Jende oldeak aprobetxatuta, prezio horiek igotzen dituzten tabernak egotea da. Jarrera horiek ez diete hiriari mesede egiten eta kontrako efektua sor dezakete", ohartarazi du buruzagi jeltzaleak.
Donostia 2016
2016ko Kultura hiriburutzari buruz itaunduta, "hiriak duen premiazko erronka" dela aitortu du Goiak eta Miren Azkarate Kultura zinegotzia "buru-belarri lanean" ari dela azpimarratu du. "Programa zehazten ari gara, hainbat hitzordu ixten. Lehen zegoen inplikazioa berreskuratu nahi dugu, gizarteari lehenbailehen jakinarazteko", adierazi du.
Horrez gain, erakunde pribatuen babesa eta kolaborazioa bilatzen ari direla jakinarazi du. "Espero dut irailerako programa osoa izatea eskura", erantsi du.