Itxi

Gizartea

Herritarren Segurtasun Legea

'Mozal Legea'ren ondorioz egin ezin duzun guztia

Agentziak | Erredakzioa

Lege polemikoa asteazken honetan sartu da indarrean. Hauexek dira 600.000 euro arteko isunekin zigortuta dauden 44 arau-hausteak.

2:11

Herritarren Segurtasunerako Legea, 'Mozal Legea' izenaz ezagutzen dena, asteazken honetan, uztailaren 1ean, sartu da indarrean Espainiako Estatuan. Lege polemikoa da zinez, oposizioak Auzitegi Konstituzionalean horren kontrako helegitea aurkeztu duelako, herritarren gaitzespena jaso duelako eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek NBEren aurrean salatu duelako.

Martxoan onartu zuen Kongresuak Legea, PPren eta UPNren botoekin. Oposizioak esana du Beheko Ganberaren gehiengoa aldatzen denean bertan behera utziko duela, Wert Legearekin eta lan erreformarekin agindu bezala.

Barne Ministerioak 2013ko azaroan aurkeztutako zirriborro hartatik dezente aldatu bada ere, legea oso murriztailea da eta lehen zigortuta ez zeuden jarduera ugari zigortzen ditu. Besteak beste, debekatuta dago poliziei argazkiak egitea, Kongresuaren edo Senatuaren inguruan elkarretaratzeak deitzea edo erresistentzia pasibo eta baketsua agertzea.

Arau-hauste oso larriak (30.001 eta 600.000 euro bitarteko isunekin zigortuak)

- Herritarrei oinarrizko zerbitzuak ematen dizkieten azpiegituren aurrean debekatutako edo aldez aurretik komunikatu gabeko manifestazioak egitea.

- Berariazko baimenik gabe, araudia hautsiz edo ezarritako mugak gaindituta, arma edo lehergaiak egin, gorde edo erabiltzea.

- Segurtasun arrazoiak tarteko, dagokion aginteak espresuki debekatutako ikuskizun publikoak egitea.

- Itsutu, arreta galarazi eta istripuak eragin ditzaketelakoan, garraiobide publikoetako gidarien edo pilotuen aurpegietara argia zuzentzea.

Arau-hauste larriak (601 eta 30.000 euro arteko isunak)

- Jendetza biltzen duten ekitaldi publikoetan, kirol edo kultura ikuskizunetan, ekitaldi erlijiosoetan edo bestelako bilkuretan herritarren segurtasuna haustea.

- Hutsik egonda ere, Kongresuaren, Senatuaren edo autonomietako parlamentuen aurrean herritarren segurtasuna hautsi dezaketen manifestazioetan parte hartzea.

- Kalean desordena publikoak egitea edo barrikadak jarrita kalea trabatzea.

- Erabaki administratibo eta juridikoak betearazteko lanetan dauden agintariei euren jarduna oztopatzea. Bestela esanda, etxegabetzeak eragoztea debekatzen du puntu honek.

- Herritarren segurtasunerako garrantzitsuak izan daitezkeen ekitaldiak lege honetan aurreikusi bezala erregistratuta ez izatea edo beharrezko diren jakinarazpenak ez egitea.

- Larrialdi zerbitzuen jarduna oztopatzea edo eragoztea.

- Agenteek hala eskatzen dutenean, identifikatzeari uko egitea, horien agindua ez betetzea edo erresistentzia agertzea.

- Biltzeko Eskubidearen Legearen 5. artikuluari jarraiki, mugimendu handiko lekuetan egindako manifestazio edo bilkurak desegiteari muzin egitea. Escracheetako parte-hartzaileak zigortzeko erabil lezakete.

- Legezko manifestazio bati trabak jartzea.

- Herritarrei oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dizkieten azpiegituretan sartzea edo horien gainetik hegan egitea, horren jardunean etete larria egon denean.

- Debekatutako armak eramatea, armok arduragabe edo ausarkeriaz eramatea edo erabiltzea eta egokitutako lekuetatik kanpo erabiltzea.

- Eskola, parke eta tankerakoetatik gertu edo bideko segurtasuna arriskuan jar dezaketen leku publikoetan zerbitzu sexualak eskatu edo eskaintzea.

- Baimen gabe, arauzko armak eta lehergaiak egitea, gordetzea edo erabiltzea, eta derrigorrezkoak diren segurtasun edo badaezpadako neurriak ez betetzea edo ez hartzea.

- Lantegietan, lokaletan, dendetan, ontzietan eta hegazkinetan egin beharreko ikuskatzeei ezetz esatea.

- Herritarrak engainatu dezaketelakoan, polizien eta larrialdi zerbitzuen uniforme, intsignia edo domina ofizialak edo horien erreplikak oker eta modu publikoan erabiltzea.

- Herritarren segurtasuna kolokan jar dezaketen ekintzei aurre egiteko edo delituak atzemateko orduan, segurtasun indarrei ez laguntzea.

- Drogak bidegabe eta leku publikoetan izatea edo kontsumitzea eta drogak egiteko materiala kalean abandonatzea.

- Drogak saltzeko asmoarekin, herritarrak ibilgailuz eramatea.

- Leku publikoetan drogak landatzea.

- Lokaletan droga trafikoa eta legez kontrako drogen kontsumoa baimentzea eta ez oztopatzea.

- Lege honek aurreikusitako dokumentazioa eskuratzeko datu faltsuak ematea.

- Ontzi eta aireontziei ezarritako mugak ez betetzea.

- Estatuko Segurtasun Indarren irudiak, datu pertsonalak edo profesionalak baimen barik erabiltzea, horrek agenteen, euren senitartekoen, azpiegituren edo polizia operazio baten segurtasuna arriskuan jarri ahal badu.

Arau-hauste arina (100 eta 600 euro arteko isunak)

- Agintariei komunikatu gabeko manifestazioak egitea. Antolatzaileak izango dira erantzuleak.

- Beldurtzeko asmoarekin, herritarren bizia arriskuan jar dezaketen objektu arriskutsuak erakustea.

- Ekitaldi publiko baten harira ezarritako zirkulazio eta ibilbide mugak ez errespetatzea.

- Herritarrak babesteko lanetan dagoen Segurtasun Indarren agente bati errespetua galtzea.

- Askatasun sexuala urratzen duten ekintzak egin edo eginaraztea edota exhibizionismo lizunak egitea.

- Estatuko Segurtasun Indarren agenteen aurpegietara argia zuzentzea, euren jarduna zaildu edo oztopatzeko asmotan.

- Etxeak okupatzea eta baimendu gabeko kalez kaleko salmenta egitea.

- Arma bat galdu duzula edo lapurtu dizutela ez salatzea.

- Legeak ezarritako miaketetan irregulartasunak egitea.

- Legeak ezarritako nortasun agiria ez edukitzea eta galdu duzula edo lapurtu dizutela ez salatzea.

- Nortasun agiria behar den moduan ez gordetzea edo zaintzea, urtebetean hiru aldiz galduz gero.

- Poliziari nortasun agiria erakusteari uko egitea.

- Kalean dauden higigarri eta higiezinei kalteak eragitea.

- Kalteak eragiteko arriskua dagoenean, eraikinetatik gora egitea edo zintzilikatzea. Greenpeacek, esaterako, egin ohi dituen protesta baketsuak debekatzeko erabili ahalko dute.

- Segurtasun hesiak botatzea edo mugitzea.

- Animalia basatiak aske uztea edo kalteak eragitea eta etxeko animaliak abandonatzea (euren bizia arriskuan jarrita).

- Herritarren lasaitasunari kalte larria eginda, alkohola leku publikoetan edatea.