Gizartea
Deustobarometro
Langabezia arazo nagusia dela uste dute EAEko herritarren % 63k
Agentziak | Erredakzioa
Bien bitartean, lan baldintzen galera arazo nagusia dela diote % 33k. Ondoren egoera ekonomikoak eragiten du kezkarik handiena (% 32). Ustelkeriak (% 13), ostera, gero eta gutxiago kezkatzen du.
-
Maria Silvestre eta Braulio Gomez DeustoBarometroko arduradunak. Argazkia: EFE
Langabezia arazo nagusia dela uste dute EAEko herritarren % 65ek, ondoren lan baldintzen galerak (% 33) eta egoera ekonomikoak (% 32) eragiten dute kezkarik handiena. Ustelkeriak (% 13) eta politikariek (% 14), aldiz, gero eta gutxiago kezkatzen dute; izan ere, zerrendan zortzigarren eta zazpigarren postuetara jaitsi dira, hurrenez hurren.
Deustuko Unibertsitateak seihileko egiten duen DuestoBarometro sozialak bildutako datuak dira. Online 1.003 inkesta egin dizkiete 18 urtez gorako EAEko bizilagunei 2015eko ekainaren 4tik 11ra. Horietako 391k aurreko inkestan parte hartu zuten.
Azken DeustoBarometroan, zerrendaren aurreneko hiru postuetan aldaketak daude, Maria Silvestre eta Braulio Gomez ikerketa arduradunek azaldu dutenez. Horrela, egoera ekonomikoa hirugarren tokira jaitsi da, ekonomia “suspertzen” ari delako. Lan baldintzen eta lan merkatuaren kezkak (% 33) gora egin du Euskadin, baina aurreneko tokian langabezia (% 63) mantentzen da.
Ustelkeria
EAEko herritarrentzako arazo nagusien artean, ustelkeria (% 13) eta politikariak (% 14) daude, baina zerrendan behera egin dute, Gomezek adierazi duenez. “Politikariak eta ustelkeria arazo bat izateari uzten ari dira euskal herritarren gehiengoarentzako”, esan du.
Gomezek goraipatu duenez, ustelkeriak “behera egiten jarraitzen du, batez ere euskal esparruan”, baina inkestatuen % 90ek Espainiako Gobernuan “ustelkeria asko edo dezente” dagoela uste dute, % 42k Eusko Jaurlaritzan, % 38k foru aldundietan eta % 33k udaletan.
Ekonomia
“Ekonomia ondo doanaren sentsazioa zabaltzen” ari dela azpimarratu du Gomezek. “Egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela pentsatzen duten herritarrak duela sei hilabete baino gehiago dira (% 18) eta txarra dela uste dutenen kopuruak behera egin du nabarmen; izan ere, % 16k hala uste dute orain, duela sei hilabete % 25 zirenean”. Gomezen hitzetan, “aldaketa esanguratsua da sei hilabetetan eta joera nahiko adierazgarria da”.
Urtebete barru egoera ekonomikoak berdin jarraituko duela uste dute inkestatuen % 62k, % 27k hobetuko dela uste dute eta % 5ek okerrera egingo duela diote.