Gizartea
Nafarroa
Bardeako tiro eremua ixtea eskatu dute ehunka lagunek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urteroko martxa egin dute igande honetan Bardeara, eta azpiegitura militarra mantentzeko erabiltzen den dirua ingurua berrindustrializatzeko eta lanpostuak sortzeko erabiltzea aldarrikatu dute.
Ehunka lagunek parte hartu dute, Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzarrak eta Ejeako eta herrietako Gerraren Kontrako Plataformak antolatuta, Bardeako azpiegitura militarraren itxiera eskatzeko gaurko deitu duten martxan.
"Gastu militarrik ez, gastu sozialak bai" lelopean egin dute Los Aguilares eta Bardeako tiro eremuaren arteko bidea manifestariek. Halaber, bidean "Tiro eremua itxi", "Bakea Bardearentzat" eta "Bardeak parke naturala" zioten kartelak erakutsi dituzte herritarrek.
Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzarrak azpimarratu du Espainiako Defentsa Ministerioak Bardeako azpiegitura militarra mantentzeko eta maniobra militarrak egiteko erabiltzen duen dirua Erribera berrindustrializatzeko eta inguruan lanpostuak sortzeko erabiliko balu, Erribera ez litzatekeela langabeziak gehien kolpatutako Nafarroako eremua izango.
Bestalde, Batzarrak salatu du herritarrak arriskuan jartzen dituela azpiegitura militar horrek eta Nafarroako erakundeek ez dutela ezer egiten herritarren segurtasuna bermatzeko.
Ildo horretan, Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzarrak azpimarratu du pilotuak hil direla tiro eremuan eta zibilak ere arriskuan jartzen dituela; izan ere, "aparatu militarren arteko istripuak jazo dira eta material militarra ere jausi da".
Horrez gain, hegazkin militarrek soinuaren hesia gainditzean sortzen diren eragozpenak eta soinuak salatu dituzte.