Itxi

Gizartea

Frantzisko Sarajevon

Aita santua Bosnian: 'Gerra sekula gehiago ez!'

Agentziak | Erredakzioa

Bergogliok kritikatu egin ditu gerra giroa sortu "eta nahita sustatu" nahi dutenak eta, bereziki, "kulturen eta zibilizazioen arteko ika-mika bilatzen" dutenak.

1:10

Frantsizko aita santuak bakearen eta gatazken amaieraren aldeko oihua egin du gaur, larunbata, eta "atalka gertatzen ari den hirugarren mundu gerra" aipatu du, munduan "gerra giroa antzematen" dela adierazi ostean.

"Garai honetan, bakea izate nahia eta eraikitzeko konpromisoaren aurrean gatazka armatu ugari daude munduan. Atalka gertatzen ari den hirugarren mundu gerra baten modukoa da eta, komunikazio globalaren testuinguruan gerra giroa antzematen da", esan du Jorge Mario Bergogliok Sarajevon batutako milaka eta milaka pertsonaren aurrean.

"Gaur, anaia-arrebak, beste behin ere hiri honetatik, Jaungoikoaren eta borondate oneko gizaseme guztien oihua entzun da: Gerra sekula gehiago ez!", esan du Kosevo Sarajevoko estadioan egindako meza-elizkizunean elkartutako 65.000 fededunen aurrean.

Hitzaldian, aita santuak "bakea" hitza aipatu du hainbat alditan "hitz profetiko nagusi" bezala definitu ditu.

Bergogliok kritikatu egin ditu gerra giroa sortu "eta nahita sustatu" nahi dutenak eta, bereziki, "kulturen eta zibilizazioen arteko ika-mika bilatzen" dutenak.

"Nola eraikitzen da bakea?", galdegin du Bergogliok milaka fededunen aurrean; "bakea justiziaren lana da".