Itxi

Gizartea

2014ko datuak

Euskadin pobrezia kronikoa dela ohartarazi du Caritasek

Agentziak | Erredakzioa

Hasi berri den hobekuntza ekonomikoa pobreengana iristen ari ez dela adierazi du. Bazterketa egoera larrian dauden biztanleen % 40 ''bakardadean'' daude, Caritasen arabera.

01:27

Ekonomia eta enplegu mailan hasi berri den hobekuntza ez da iristen ari pobrezian zein gizarte-bazterketan dauden pertsonengana, Carlos Bargos Caritas Euskadi erakundeko presidenteak asteazken honetan azaldu duenez. Halaber, ohartarazi du ''pobreziak bere horretan'' jarraitzen duela Euskadin, eta ''kronikoa'' bihurtu dela.

Horrela laburbildu du Bargosek 2014ko Euskadiko pobreziaren egoera, joan den urteko datuen berri emateko Bilbon egin duen prentsaurrekoan.

''Pobreziak eta gizarte-ahultasunak hazten jarraitzen dute, lanpostu bat lortu duten horien artean ere'', azaldu du, horietako askok oraindik Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen jarraitzen baitute familiaren oinarrizko gastuak ordaindu ahal izateko.

Caritasentzat ''ezinbestekoak'' dira laguntza hauek, ez bakarrik pobreziaren kontra borroka egiteko, baita desberdintasun soziala handitzen jarrai ez dadin ere.

Bertoko pertsona gehiago

Bargosek emandako datuen arabera, EAEko Caritaseko hiru erakundeek 47.348 eskaera artatu zituzten 2014an, aurreko bi urteetako datuekin alderatuta oso antzeko zenbatekoak.

Bizkaian artatutako biztanleen % 31k bost urte baino gehiago daramatza laguntzak jasotzen. Zenbateko hori % 19koa zen 2009an; eta, ondorioz, Caritasek ohartarazi du Euskadin pobrezia egoten ''jarraitzen'' duela, eta pobrezia hori ''kronikoa'' dela.

Halaber, aurkeztutako txostenak agerian utzi du azken bost urteotan parekatu egin direla laguntza jasotzen duten bertokoen eta atzerritarren zenbatekoa, eta joan den urtean bertokoen eskaerak atzerritarrenak baino gehiago izan zirela (bertoko biztanleen 5.483 eskaera jaso zituzten, eta atzerritarren 5.383 eskaera).