Gizartea
Ebazpena
Etxegabetzeen aurkako Andaluziako legea, bertan behera
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak gaur kaleratutako ebazpenaren arabera, Espainiako Gobernuarenak soilik diren eskumenak bereganatzen ditu lege horrek, eta hori da legea baliogabetzeko arrazoietako bat.
-
Auzitegi Konstituzionala. EFE.
Espainiako Gobernuak jarritako helegitea ontzat eman du Auzitegi Konstituzionalak, eta bertan behera utzi du Andaluziako Parlamentuak etxegabetzeen kontra onartutako lege-dekretua. Besteak beste, hutsik dauden etxebizitzak desjabetzeko aukera jasotzen du dekretu andaluziarrak, eta atal hori da bertan behera utzi dutena.
Konstituzionalaren arabera, Espainiako Gobernuarenak soilik diren eskumenak bereganatzen ditu legeak. Auzitegi Konstituzionalaren iritzian, Estatuak "aktibitate ekonomikoaren planifikazio orokorrak koordinatzeko" duen eskumenean "eskua sartzen" du Andaluziako dekretuak, eta hori "ez da legezkoa".
Kontrako lau boto partikularrekin atera da aurrera ebazpena. Testuan jasotzen denez, etxebizitza hutsak desjabetzeak Espainiako Gobernuaren neurri ekonomikoen eraginkortasunari oztopoak jartzea ekarriko luke.
Horrez gain, Andaluziako dekretuak jabetza-eskubideari dagozkion hainbat aspektu arautzen ditu, eta halakoak "lege bidez bakarrik" ezar daitezkeela ohartarazi du Konstituzionalak.
Andaluziak helegitea erretiratzeko deia egin dio Rajoyri
Maria Jesus Serrano Andaluziako Sustapen eta Etxebizitza kontseilariak adierazi duenez, euren lege-dekretuak ez ditu Estatuaren eskuduntzak bere egiten, eta Espainiako Gobernuari helegitea erretiratzeko eskatu dio.
Konstituzionalaren epaimahaiko lau epailek emandako boto partikularrak aipatu ditu kontseilariak bere argudioa berresteko: "Epaileok ez datoz ebazpenarekin bat, eta uste dute gure legea eta gerora onartu genuen lege-dekretua eta Estatuaren eskumenak bateragarriak direla. Beraz, ez dago eskuduntza arazorik", argudiatu du.
Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitea erretiratuta, "Andaluzian txarto pasatzen ari diren horien aldeko keinu bat" egiteko eskatu dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari.