Itxi

Gizartea

Hauteskunde sindikalak

LABek hauteskundeak berriro irabazi ditu Nafarroako Administrazioan

Agentziak | Erredakzioa

LABek eskainitako behin-behineko datuen arabera, sindikatu abertzaleak 58 ordezkari lortu ditu, CCOOk 29 ordezkari, ELAk 28, Afapnak 18 eta UGTk 13.

00:38

Nafarroako Foru Administrazioan hauteskundeak berriz irabazi ditu LABek, “gainerako sindikatuei alde handia ateraz”, sindikatu abertzaleak agiri batean azaldu duenez. Hauteskunde sindikalak egin dituzte gaur.

Esparru bakoitzeko emaitzen zain, duela lau urte baino ordezkari gehiago eskuratu dituela adierazi du LABek. Hala ere, Nafarroako Osasun Zerbitzuko emaitzak gauerdian jakitera emango dituzte. Bestalde, Foruzaingoko eta Osasun Publikoaren Institutuko hauteskundeak atzeratu behar izan dituzte arazo teknikoak direla medio.

LABek eskainitako behin-behineko datuen arabera, sindikatu abertzaleak 58 ordezkari (2011n baino 15 gehiago) lortu ditu; CCOOk 29 ordezkari (zortzi gutxiago); ELAk 28 (duela lau urte lortu zuen kopuru bera); Afapnak 18 (lau gehiago) eta UGTk 13 (lau gutxiago).

Behin-behineko datu horiekin, ELA bigarren indarra izango litzateke Foru Administrazioan. ELAk agiri batean jakitera eman duenez, 861 beharginen botoa lortu du, 2011n baino boz gehiago nahiz eta erroldak behera egin (600 langile gutxiago).

Afapnak ere ordezkarien kopuruan gora egin du eta “pozik” agertu da beste agiri batean. Era berean, langileek emandako “konfiantza” eskertu du Afapnak.

Guztira, Nafarroako Foru Erkideagoaren Administrazio zerbitzuko 24.390 behargin publiko hauteskunde sindikaletan parte hartzera deiturik zeuden.

Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuak jakinarazi duenez, 23.698 funtzionariok eta 692 langile publikok (finkoak edo aldi baterako) bozkatzeko eskubidea zuten.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Nafarroa
  • LAB