Itxi

Gizartea

Epaia

Katalunian ikastorduen laurdenak gaztelaniaz emateko agindu du Gorenak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Halaber, zehaztu du gaztelera ikasgaia ez ezik, ikasgai ardatzetako bat ere gazteleraz irakatsi beharko dela.

  • Auzitegi Gorena. Artxiboko irudia: EiTB

    Auzitegi Gorena. Artxiboko irudia: EiTB

Kataluniako ikastetxeetan irakasgaien laurdena gazteleraz irakastea agindu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Gainera, gaztelera ikasgaia ez ezik, ikasgai ardatzetako bat ere gazteleraz irakatsi beharko dute Kataluniako hezkuntza zentroetan.

Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak gaur argitaratutako bi epaiek Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ezarritako portzentajea babestu du. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak komunikazio hizkuntza edo irakas-hizkuntza izaera aitortu zion gaztelerari 2010. urtean.

Auzitegiak Kataluniako Gobernuari arrazoia ez emateaz gain, Kataluniako Auzitegi Nagusiak duela bost urte ebatzitako epaia ez betetzea aurpegiratu dio.

Gaur ezagutarazitako epaien arabera, gaztelaniaren irakaskuntza bermatzeko ezarritako portzentajea "proportzionala, zentzuzkoa eta neurrikoa da". Gaztelania irakas-hizkuntza izan dadila lortzeko "ez da nahikoa hizkuntza horretan ikasgai bakarra irakastea, beraz, beharrezkoa da ikasgai ardatzetako bat ere gazteleraz irakastea".

Bestalde, Auzitegi Gorenak atzera bota du eskolak gazteleraz jaso nahi dituzten ikasleei banan-banako arreta eskaintzeko Generalitateak egindako eskaera. Epaiaren arabera, horrek diskriminazio egoera bat sortuko luke.

Rigauren iritziz, ez dagokio Gorenari Kataluniako hezkuntza eredua aldatzea

Irene Rigau Kataluniako Hezkuntza kontseilariaren esanetan, "ez dagokio Auzitegi Gorenari Kataluniako Parlamentuak onartutako hezkuntza eredua aldatzea edota aldaketaren bat eskatzea, ez baitu inolako eskumenik". Horren ustez, Gorenaren ebazpena gurasoek eskatzen duten kasuetan aplikatuko da.

Kontseilariaren arabera, Auzitegi Gorenak kasu partikularrei buruzko epaiak bakarrik eman ditzake. Beraz, Rigauk adierazi du epaiak haur baten kasu partikularrean soilik eragingo duela eta ez duela bestelako ondoriorik izango. Halaber, azaldu du gurasoen eskatu duten kasuetan aipaturiko portzentajea betetzen dela.