Gizartea
2014ko datuak
Indarkeria sexistaren biktima diren adingabeen kopurua % 15 hazi da
Agentziak | Erredakzioa
Biktima kopurua % 21 igo da 65-74 urte artean dituzten emakumeen artean, Espainiako Estatistika Institutuak 2014an erregistratutako datuen arabera.
-
Kezkagarria da genero indarkeriak adingabeen artean azken urteetan izan duen hazkundea.
2014 urtean zehar genero indarkeriaren (gizonezkoek emakumearen kontra egindako indarkeria) biktima izan ziren Estatuan 576 adingabe, 2013an baino % 15 gehiago, Espainiako Estatistika Institutuak gaur emandako datuen arabera.
Adin tarteari erreparatuta, biktima kopurua 65-74 urte bitartean dituzten emakumeen artean hazi zen gehien (% 21). Datuok salatutako gizonezkoen adin tartearekin bat egiten du.
Hauxe da, hain justu, Espainiako Estatistika Institutuak urtero kaleratzen duen Genero Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren inguruko Estatistikaren aurtengo txostenak jasotako datu kezkagarrienetako bat.
Indarkeria matxista edo etxekoa jasan eta nolabaiteko babesa duten emakumeen erregistroa du Espainiako Gobernuak. Erregistro honetako datuak aztertuta kaleratu ditu Institutuak 2014ko zenbatekoa. Horren arabera, 2013ko datuekin alderatuta, % 0,1 egin du behera genero indarkeriaren biktima kopuruak. Etxeko indarkeria, berriz, % 0,3 hazi da. 2011ko datuekin alderatuta, ordea, bi kasuetan behera egin du biktima kopuruak: % 16koa (genero indarkeria) eta % 8,5koa (etxeko indarkeria).
Bada beste datu deigarririk: indarkeria matxistaren hiru biktimatik bi ( %68) Estatuan jaiotakoak. Dena dela, biktima tasari erreparatuta (1.000 biztanleko kalkulatuta), nabarmen handiagoa da (halako hiru) atzerrian jaio diren emakumeen artean. Salatutako gizonen artean ere antzekoa da estatistika: hirutik bi Estatuan jaiotakoak dira.
Etxeko indarkeriari dagokionez (genero indarkeria kenduta, edozein senitartekori emakume batek edo gizonezko batek egindakoa), 7.084 biktima zenbatu zituzten iaz (2013an baino % 0,3 gehiago). Biktimen artean % 61,8 emakumeak ziren eta % 38,2 gizonezkoak.
Biktima kopuruak behera egin du EAEn eta Nafaroan
Autonomia erkidegoen datuei dagokionez, genero indarkeriaren biktima kopurua jaitsi egin da azken hiru urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan: % 12,8 eta % 13,1, hurrenez hurren. Bestela esanda, 133 emakumezko biktima gutxiago zenbatu dituzte (2011n, 1.029 ziren, 2014an, 896).
EAE da, hain justu, biktima tasa (1.000 biztanleko kalkulatzen da) txikiena duen Estatuko erkidegoa: 0,6. Nafarroan, 1,2koa da.
Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 2011ko datuekin alderatuta, behera egin du biktima kopuruak ia erkidego guztietan. Melilla eta Errioxa dira salbuespenak (% 16,4 eta % 6,4 hazi da, hurrenez hurren).
--------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu, jarrai itzazu gida honetako gomendioak edo deitu 016 telefono zenbakira, doakoa da eta ez du fakturan arrastorik uzten.