Itxi

Gizartea

Tuteran eta Buñuelen

Ebroren maila altuak eragotzi egin du Nafarroan ura ateratzen hastea

Erredakzioa

Espainiako Gobernuak uholdeek eragindako kalteak arintzeko diru-laguntzak eta neurriak onartuko ditu ostiralean.

1:31

Ebro ibaiak Nafarroan eragindako uholdeen ondorioz urak hartutako maila handia denez, ezin izan dute Tuterako eta Buñueleko erdiguneko kaleetan ura ateratzen hasi, Foru Gobernuak jakinarazi duenez.

Gainera, zenbait errepidek itxita jarraitzen dute Erriberan, uholdeen eraginez. Halaber, Foru Erkidegoaren iparraldean, luiziek mozketak eragin dituzte eta beste hainbatetan errepide zatiak erori dira.

Era berean, urak maila altuari eutsi dioenez, lur eremu handi batek urak hartuta jarraitzen du.

Azken orduotan, Tuterako uholdearen maila 30 zentimetrotan jaitsi da, baina ez da nahikoa zenbait etxeren sotoetan, garajeetan, dendetan eta beheko lonjetan ura ateratzen hasteko. Horrez gain, Gobernuaren arabera, ez dute espero uraren maila nabarmen jaistea, gutxienez, 24 ordutan.

Buñuelen egoera antzekoa da, ostiralean etxetik alde egin behar zuten 15 bat bizilagunek ezin izan baitute euren etxebizitzetara itzuli.

Gobernuak, gainera, adierazi duenaren arabera, gaua "normaltasunez igaro da, dagoen ez ohiko egoeraren testuinguruan" eta "larrialdi zerbitzuek ez dute" irteerarik egin behar.Suhiltzaileak, Tuteran.EFE

Alertak indarrean

Ebro ibaiaren ibilgua egonkortu da Nafarroan, orokorrean, nahiz eta Mendabia eta Castejon herrietan alertak indarrean jarraitzen duen, gainezka egiteko arriskua dela eta, baina hobetzeko joera hartzea aurreikusi dute. Azken egunotan emaria handitu duten Nafarroako gainerako ibaiek utzi diote alerta egoerari dagoeneko.

Zehatz-mehatz, Ebro ibaia, Mendabian, 3,63 metroko mailara heldu da eta 712 metro kubiko segundo bakoitzeko emaria darabil, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.

Era berean, Castejonen, 6,38 metroko altuerara eta 1.533 metro kubiko segundo bakoitzeko emarira jaitsi da. Aurreikusi dutenez, egonkortzeko joerak jarraituko du.

Espainiako Gobernuak laguntzak eta neurriak onartuko ditu ostiralean

Mariano Rajoyren Gobernuak Ebroren ur-goraldiak eragindako kalteak arintzeko diru-laguntzak eta neurriak onartuko ditu ostiral honetan.

Hala iragarri du igande honetan Federico Ramos de Armas Ingurumen Estatu idazkariak Zaragozan, Aragoiko, Errioxako eta Nafarroako Ingurumen kontseilariekin egindako bileraren ostean.

Ramos de Armasen esanetan, Ebroko Ur Konfederazioak "zuzentasunez" kudeatu du ur-goraldi hori eta aurreikuspen hidrografikoak ez direla zehatzak azpimarratu du. Halaber, Ebro ibaia garbitzearen alde azaldu da.

"Ezohiko" egoera honi aurre egiteko laguntza-sistema "laster" ezarriko dute. Estatuko idazkariek eta idazkariordeek Lege-Dekretua aztertuko dute datorren asteazkenean, "Ebro kudeatzeko beharrezkoa den erantzuna abiatzeko". Hori dela eta, Ebroko arrorako larrialdietarako neurriak aurreikusiko dituzte.

Lehenik eta behin, premiazko ekintzak egingo dituzte, esaterako ura gelditzeko lur-eremuak begiratzea, urtarrilean ibaiak gainezka egin zuenean "orohar ondo funtzionatu zutenak". Halaber, herritarren, ondasunen eta nekazal-eremuen segurtasun-azpiegiturak gainbegiratuko dituzte. "Etorkizunera begira" ibaia dragatzea merezi duen aztertuko dute.

Ramos de Armasek azaldu duenez, uraldiak ematen direnean, ibaiaren hondoa aldatzen da. Hori dela eta, arroa ikuskatzea beharrezkoa izaten da, ura mugitu dezan, uharteetan besoak irekitzeko asmoz.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak Estatu espainiarrak gaurko bileran hartutako konpromisoak bete ditzala exijituko du eta iragarritako neurriak gauzatzen direla egiaztatuko du. Jose Javier Esparza Nafarroako Ingurumen kontseilariak Espainiako Gobernuari eskatu dio lehen sektoreari, tokian tokiko entitateei eta, oro har, kaltetuei emandako diru-laguntzen zenbatekoa iraganean baino handiagoa izatea.

Ebroko Konfederakuntza Hidrografikoaren esku

Jose Javier Esparza Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioko kontseilariak Ebroko Konfederakuntza Hidrografikoak ibaiaren ibilgua garbitzeko lanak bere gain hartzea eskatu dio igande honetan Ingurumeneko Estatu Idazkariari, uholdeek kaltetutako herrien izenean.

Erabakia Fustiñanako Udaletxean egindako bileran hartu zuten atzo. Bertan Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, Jaivier Morras Presidentetza, Justizia eta Barne kontseilaria, Jose Javier Esparza eta Carmen Alba Gobernu espainiarrak Nafarroan duen ordezkaria izan ziren. Era berean, Cadreita, Tutera, Buñuel, Valtierra, Milagro, Fustiñana, Arguedas, Ribaforada, Cabanillas, Castejon, Fontellas eta Cortes herrietako ordezkariak ere izan ziren, Bardeetako Batzordeko ordezkariaz gain.

Zaragozako Udalak, bere aldetik, alerta laranja aktibatu du, hau da, hango mailarik altuena, Ebrok gainezka egiteko arriskua dela eta, ?zifren dantza? eta ?zehaztasun gabeziaren? aurrean.

Funes herria Argak hartua. EFE

Funes herria Argak hartua. EFE