Itxi

Gizartea

Memoria historikoa

Nafarroak seme kutun izendapena kendu die Frankismoko pertsonaiei

Erredakzioa

Hori horrela, Franco ez da dagoeneko seme kutun izango. Horrez gain, kolpe militarraren biktimak omentzeko proiektuak zertan diren azaldu dute.

  • Protesta, Iruñean.

    Protesta, Iruñean. Argazkia: EiTB

Javier Morras Nafarroako Gobernuko Presidentzia, Justizia eta Barne kontseilariak iragarri du asteazkenean onartutako akordio baten ondorioz, Frankismo garaiko pertsona zenbaitek zuten seme kutun izendapena bertan behera geratu dela, tartean Franco berarena.

Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldi batean azaldu duenez, Foru Gobernuak atzera bota ditu Nafarroako Aldundiak 1939an, 1969an eta 1974an egindako akordioak.

I-Ek eskatuta egindako agerraldi horretan, 1936ko gerrako biktimen errekonozimendurako foru legea noraino bete duten azaldu du Morrasek, eta UPNren Gobernuak "foru legean aurreikusitako guztiak betetzeko borondate osoa" duela eta "lehenago edo geroago bete" egingo dela hitz eman du.

Hala eta guztiz ere, arauak "jatorrizko akatsa" omen du, memoria ekonomikorik gabe onartu zutelako, eta horrek legea "betetzeko baldintzak zailtzen ditu erabat".

Hobien mapa

Kontseilariak dagoeneko bete dituzten puntuak gogorarazi ditu. Hala, memoria historikoaren koordinazio teknikorako batzordearen osaketa, Nafarroako hobien maparen eguneraketa, eta 1936ko gerrako biktima ezezagunak hobiratzeko Iruñeko Udalarekin egindako akordioa aipatu ditu.

Bestalde, Sartagudako Udalarekin batera Memoriaren parkea eraikitzeko finantziazio akordioa ixteko lanean dihardutela jakinarazi du.

Era berean, 1936ko kolpe militarrean hildako Aldundiko langileen omenezko oroitarria enkargatua dagoela azaldu du.