Itxi

Gizartea

Istripua

Realeko jarraitzaile bat auto istripuan hil da Miranda Ebron

Erredakzioa

Beste hiru lagunekin batera Madrilera bidean zen, donostiarrek gaur jokatuko duten partida ikusteko.

23 urteko donostiar bat hil da eta beste bost lagun zauritu dira goizean Miranda Ebron (Burgos) izan den auto istripu batean. Hildakoa eta zaurituetako hiru Realeko jarraitzaileak ziren, eta Madrilera zihoazen, arratsaldean donostiarrek jokatu behar duten partida ikustera.

112 larrialdi zerbitzuek jaso dute deia 07:56an, N-1eko 316. kilometroan bi ibilgailuren arteko istripua izan dela esanez, hain zuzen ere, ospitaletik 300 metrora. Puntu horretan, bi autok aurrez aurre talka egin dute.

Sacyleko osasun langileek Santiago ospitalera eraman dituzten sei lagun artatu dituzte: bost gizonezko eta emakumezko bat. I.G.M. 23 urteko zauritua ospitalera heldu eta berehala hil da. Gainerako zaurituak hauek dira: A.P.G (23 urte), A.G.L. (24 urte), I.V.O. (31 urte), E.M.J (56 urte), A.B.C.L. (53 urte).

Real Madrilek eta Realak xingola beltzarekin jokatuko dute

Real Madrileko eta Realeko jokalariek minutu bateko isilunea gordeko dute, eta bi taldeek xingola beltzarekin jokatuko dute, auto istripuan hildako realzalearen omenez.

Bestalde, Realak bere samina adierazi du hildako realzalearen heriotzagatik, eta babes mezua helarazi die hildakoaren senideei eta istripuan zauritutako lagunei.