Itxi

Gizartea

Frantzia

8 urteko ume bat itaundu dute, terrorismoaren apologia egitea egotzita

Erredakzioa

Frantziako ikastetxe bateko zuzendariak salaketa aurkeztu zuen haurraren aitaren aurka. Familiaren abokatuaren arabera, zuzendariaren jarrera 'onartezina' da.

  • 'Charlie Hebdo' aldizkari satirikoaren kontrako atentatua. Argazkia. APTN.

    'Charlie Hebdo' aldizkari satirikoaren kontrako atentatua. Argazkia. APTN.

Frantziako Poliziak zortzi urteko mutiko bat galdekatu du aste honetan, "terrorismoaren apologia" egitea egotzita. Antza denez, Frantzian urtarrilaren hasieran 17 hildako eragin zituen atentatuen ondotik, erasotzaileekin identifikatzen zela adierazi zuen ikasgelan.

Urtarrilaren 8an, Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatuaren biharamunean, Nizako lehen hezkuntzako ikastetxeko irakasle batek bere ikasleei galdetu zien ea eurak ere Charlie ziren ala ez, "Ni Charlie naiz" leloarekin bat eginez.

Liberation egunkariak gaur kaleratu duenez, Ahmedek ezetz erantzun zuen eta terroristekin bat egiten zuela gaineratu zuen, aldizkari satirikoak Mahoma profetaren karikaturak argitaratu zituelako.

Irakasleak ikastetxeko zuzendariari jakinarazi zion, eta hark haurra eta haren aita deitu zituen. Ondoren, zuzendariak salaketa jarri zuen haurraren aitaren kontra, "terrorismoaren apologia" egitea egotzita, familiaren abokatuaren arabera.

"Zortzi urteko haur bat galdekatzeak argi erakusten du terrorismoaren apologiaren inguruan gaur egun dagoen histeria kolektiboa. Horrelako kasuetan, pedagogia beharrezkoa da", adierazi du abokatuak. Horren iritziz, zuzendariaren jarrera "onartezina" da.

Abokatuak Twitter sare sozialean duen kontuan adierazi duenez, Poliziak haurrari terrorismoa zer zen galdetu zionean hark ez zuen erantzuten jakin. Horren iritzian, "zentzugabekeria" da "zer esaten duen ez dakien haur baten hitzak" kontuan hartu izana.