Itxi

Gizartea

Manifestazioa Parisen

Milioi eta erdi lagun inguruk Parisko kaleak bete dituzte

Erredakzioa

Guztira, 3,7 milioi lagunek parte hartu dute Frantziako hiri nagusienetan egin diren mobilizazioetan, berriki gertatutako atentatuak gaitzesteko.

1:22

Ehunka mila lagunez osatutako jende oldeak parte hartu du, Parisen, adierazpen askatasunaren alde eta terrorismoaren kontra deitutako manifestazioan.

François Lamy Frantziako Alderdi Sozialistako kideak iragarri duenez, 1,3 eta 1,5 milioi pertsonak parte hartu dute manifestazioan. Frantziako Barne Ministerioak, berriz, ez du parte hartzeari buruko zifrarik eman, jende-oldearen ondorioz, ibilbidea gainezka egon delako. Guztira, 3,7 milioi lagun inguruk parte hartu dute Frantzia osoan deituriko manifestazioetan, Barne Ministerioaren arabera eta gaineratu du manifestazioak ez duela "aurrekaririk".

"Frantziako herriak erantzunik ederrena eman dio terrorismoari", adierazi du Manuel Valls Frantziako barne ministroak. Herrikideez harro dagoela adierazi du eta, gaur, Paris "tolerantziaren, askatasunaren eta senidetasunaren hiriburu" bihurtu dela gaineratu du.

Manifestazioa 15:00etan hastekoa bazen ere, 30 minutu inguru beranduago hasi da; izan ere, François Hollande Frantziako presidentea eta mundu osotik joandako 40 estatuburu baino gehiago atzerapenarekin iritsi dira, Eliseotik autobusetan, Errepublika plazara.

Aste honetan Frantzian izandako erasoetan hildako 17 biktimaren senitartekoak zeuden manifestazioaren buruan, Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatutik bizirik irten ziren pertsonekin batera. Guztira, 17 pertsona hil dituzte aste honetan: 12 Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako erasoan, 4 supermerkatu judutarraren kontrako erasoan, eta udaltzain bat.

Biktimen atzean, besoak elkarri lotuta, munduko estatuburuak eta gobernuburuak joan dira; besteak beste, François Hollande Frantziako presidentea, Angela Merkel Alemaniako kantzillerra, Mariano Rajoy Espainiako presidentea, David Cameron lehen ministro britainiarra eta Matteo Renzi Italiako lehen ministroa. David Cameron lehen ministro britainiarrak adierazi du mehatxu terrorista aspaldidanik dagoela presente eta "urte askoan" egongo dela. Cameronen esanetan, Erresuma Batuak Frantziaren antzeko mehatxu bati aurre egin behar dio eta egin daitekeen gauza bakarra "ahalik eta ondoen prestatzea da".

Halaber, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko burua elkarrengandik bost metro eskasera egon dira. Azkenean, Salahedin Mezuar Marokoko Atzerri ministroak ez du manifestazioan parte hartu, bertan, Mahomaren karikaturak ikusi dituelako.

Mani Paris EFE

Parisera joan diren estatuburu eta gobernuburuetako batzuk. Argazkia: EFE

Mundu osotik joandako estatuburuek manifestazioa utzi dute, aurreikusi bezala, 300 metroko ibilbidea egin ostean. François Hollande Frantziako presidenteak bertaratutako estatuburuak eta gobernuburuak agurtu ditu, eta jarraian, manifestazio burura joan da atentatuetako biktimen senideak agurtzeko.

Mani Paris EFE

Hollandek Charlie Hebdoko langile bat agurtu duen unea. Argazkia: EFE

Halaber, nazioarte ordezkariez eta milaka herritar anonimoz gain, Parisko mobilizazioan izan dira Frantziako musulmanen eta judutarren komunitateko ordezkariak.

"Je suis Charlie" (Ni Charlie naiz) leloa duten pankarta eta kartel andana ikusi ahal izan dira manifestazioaren ibilbidean. Manifestazioa Errepublika plazan hasi eta Nazio plazan amaitu da. Jende oldeak gorabeherarik gabe aurrera egitea lortu du eta, tarteka, txaloak eta Frantziako ereserkia entzun ahal izan dira. Halaber, Frantziako bandera mordoa ikusi dira.

Mani Paris EFE

Errepublika plaza. Argazkia: EFE

Segurtasun dispositibo izugarria prestatu dute bertaratutako herritarren eta mundu osotik herritako 40 estatuburu ingururen segurtasuna bermatzeko. Guztira, 5.500 pertsonak lan egin dute, tartean, 2.200 polizia baino gehiago eta 1.350 militar.

Parte-hartze jendetsua Frantziako gainerako manifestazioetan ere

2,5 milioi lagun inguruk parte hartu dute Frantzia osoan antolatu diren manifestazioetan; garrantzitsuenak, Lyon, Bordele eta Marsellan egindakoak izan dira.

Gainera, manifestazioak egin dituzte ondorengo hirietan ere: Saint Etienne, Rennes, Toulon, Estrasburgo, Perpiñan, Clermont-Ferrand, Dijon, Mulhouse, Blois, Tarbes, Ajaccio, Colmar, Dammartin-en-Goele, Grenoble, Niza eta Bastia.

Marine Le Pen, Frente Nacional, manifestacion Beaucaire, EFE

Marine Le Pen Fronte Nazionaleko presidenteak Frantzia hegoaldeko Beaucaire hiriko manifestazioan parte hartu du. (Argazkia: EFE)