Gizartea
Parisko bahiketa
Lau bahitu eta bahitzailea hil dira supermerkatuko oldarraldian
Erredakzioa
Abu Bakr al Bagdadi Estatu Islamikoaren kalifak emandako aginduak betetzen zituela ziurtatu dio Amedy Coulibaly bahitzaileak BFMTV telebistari, Poliziaren oldarraldian hil baino lehen.
Gutxienez bost lagun hil dira Parisko Hyper Carcher supermerkatuan izan den bahiketan. Gatibuak askatzeko segurtasun indarrek egin duten operazioan izan dira heriotzak, polizia iturriek jakitera eman dutenez. Antza, hildakoetako lau gatibuak dira. Amedy Coulibaly bahitzailea ere hil egin da, segurtasun indarrek tirokatuta.
Bahitu kopuru zehaztu gabe bat askatzea lortu dute segurtasun indarrek. Besteak beste, adin txikiko haurtxo bat besoetan zeraman gizon baten irudiak zabaldu ditu bertako telebista batek.
Poliziaren oldarraldia hasi baino lehen lau bahituak hil zituen Coulibalyk. Gainera, lehergailuekin tranpa bat prestatu zuen.
Francois Molins Pariseko fiskalak agerraldi batean azaldu duenez, Coulibalyk BFM TV telebistarekin telefonoz hitz egin du RAID polizia bereziak erasoa hasi baino bi ordu lehenago. Elkarrizketa horretan supermerkatuko lau bezero hil zituela aitortu du.
Poliziek bahitzailea hil eta gero, 15 bat lehergailu eta detonagailu bat topatu dute, Molinsek goraipatu duenez.
Hildako lau bahituei autopsia egin bitartean, terroristak bahituak operazioa hasi baino lehen hil zituela da hipotesi nagusia.
Bestalde, Coulibalyk Said eta Cherif Kouachi anaiekin harremana zuela baieztatu dute ikerketek, fiskalak azpimarratu duenez.
Estatu Islamikoaren aginduetara
Abu Bakr al Bagdadi “Estatu Islamikoaren kalifak emandako aginduak” betetzen zituela ziurtatu dio Amedy Coulibaly bahitzaileak BFMTV telebistari egindako telefono deian. Gainera, krimenak egiteko Kouachi anaiekin koordinatu dela esan du.
“Ez gara harremanetan egon (krimenak hasi eta gero). Hasieran koordinatu gara, beraiek Charlie Hebdo eta nik poliziak”, azaldu du Coulibalik telebistari egindako deian. Terroristak hil eta gero elkarrizketen berri eman du telebistak.
Jihadistak udaltzain bat hil zuen ostegunean, Montrougen, Pariseko hegoaldean, eta gaur Hyper Carcher supermerkatu batean bi orduko bahiketa egin du. Azkenean, lau bahitu eta bahitzailea hil dira askatzeko operazioan.
Several hostages freed at Jewish supermarket in Paris. Photo Thomas Samson #AFP pic.twitter.com/C9ltgMT0Wl
— AFP Photo Department (@AFPphoto) enero 9, 2015