Itxi

Gizartea

Frantzia

Kouachi anaiek 'martirien moduan' hil nahi dutela esan dute

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Paris ipar-ekialdeko inprimategi batean gordeta jarraitzen dute. Bien bitartean, armatutako gizon bat Vincenneseko (Paris ekialdea) denda batean bost lagun bahitu ditu.

1:50

'Charlie Hebdo' aldizkariaren kontrako atentatua gertatu eta bi egunetara, hiru gunetan ari da lanean Frantziako Polizia: Batetik, Paris ipar-ekialdeko Dammartin-en-Goële herrian (Sen-et-Marne departamendua) atentatuaren susmagarriak, Said eta Cherif Kouachi anaiak, inguratuta ditu bertan eta tiroketa izan da bi aldeen artean. Hainbat komunikabideren arabera, Kouachi anaiek lagun bat bahitu dute herriko Creation Tendance Decouverte (CTD) izeneko inprimategian, baina Pierre-Henry Brandet Frantziako Barne Ministerioaren bozeramaileak agertu duenez, ezin du halakorik baieztatu.

Bestetik, armatutako gizon batek Vincenneseko (Paris ekialdea) denda batean sartu eta bost lagun bahitu ditu. Tiroketa izan da bertan, hainbat komunikabideren arabera eta gutxienez, lagun bat zauritu da.

Poliziaren arabera, litekeena da atzo ustez udaltzain bat hil zuen gizonezkoa izatea da bahitzailea. Hain justu, eraso horren eta 'Charlie Hebdo'ren atentatuaren artean harremana badagoela agertu du Barne Ministerioak, hiru ekintzaileak Buttes-Chaumont talde yihadistako kideak zirela baieztatu baitute.

Bernard Cazeneuve Barne ministroa Vincenneserako bidean da jada.

Azkenik, Parisko Polizia Prefekturak herritarren laguntza eskatu du ustez Montrougeko udaltzaina hil zuten bi lagunak topatzeko: emakume bat eta gizonezko bat dira: Amedy Coulibaly, 1982an jaiotako gizonezko beltz bat eta Hayat Boumeddiene 1988an jaiotako emakume bat.

Frantzia tiroketa susmagarriak. Argazkia: EFE

Dammartin-en-Goële herriko egoera

Pierre-Henry Brandet Frantziako Barne Ministerioaren bozeramailearen arabera, atentatuaren ustezko egileek ez dute Dammartinen "inor hil, ezta zauritu ere", eta Poliziak ez du "erasorik egin, oraingoz". Lehentasuna, Barne Ministerioaren bozeramailearen hitzetan, "susmagarriekin harremanetan jartzea da, eta horretan saiatzen ari dira orain negoziazio taldeko agenteak". "Luze jo dezake honek, orduak edo egunak akaso", azpimarratu du.

Hortaz, ofizialki baieztatuta dagoen bakarra honakoa da: inprimategia inguratuta dute, eta atentatuaren ustezko egileak, Kouachi anaiak, barruan dira.

Yves Albarello Seine-et-Marne departamentuko diputatuak i-Tele telebista kateari adierazi dionez, "Kouachi anaiek esan dute martirien moduan hil nahi dutela".

Operazio zabala, martxan

Bernard Cazeneuve Barne ministroak jakinarazi duenez, Frantziako segurtasun indarrek Kouachi anaiak "indargabetzeko operazioa abian da". "Oise, Aisne eta Sena-et-Marne departamenduetan segurtasun operazio garrantzitsua jarri dugu martxan. Dammartin-en-Göele herrian daude gure agente guztiak", zehaztu du Cazeneuvek.

Dammartin-en-Goële herria Villiers-Cotterês udalerritik 40 kilometro eskasera dago; han ikusi zituzten azkenekoz bi anaiak, gasolina-zerbitzugune batean lapurreta egin ondoren.

frantzia francia tiroteo tiroketa EFE

Poliziak 8.000 biztanleko herria airez eta lurrez itxita du, eta gertakariak jazotzen ari diren lekutik hainbat kilometrora ezarri du hesia.

Dammartin-en-Goëleko Udalak bere webgunean oharra eskegi du eta etxean egoteko, leihoak ixteko eta argiak itzaltzeko agindu die herritarrei. Inprimategitik gertu eskola bat dago eta umeak bertan gordeta, onik, daudela jakinarazi dute Dammartin-en Goële herriko agintariek.

Horrez gain, Dammartin-en-Goëletik 25 kilometrora dagoen Meauxeko ospitalean 'Plan zuria' jarri dute martxan, hel daitezkeen balizko biktimak artatzeko plana, alegia.

Goizean goizetik "Arma automatikoak zituzten eta Kouachi anaien deskribapenarekin bat zetozen bi lagunek" Peugeot markako auto bat lapurtu dute 08:40an, RTL telebista kateak telebista kateak zehaztu duenez. Ondoren, Dammartin-en-Goële herrira joan dira, eta Poliziak inguratuta zituela ikusita, inprimategira sartu eta 10 lagun bahitu dituzte.

Hollande: "Eginahalak egiten ari gara susmagarriak atxikitzeko"

François Hollande Frantziako presidenteak bere gobernuko ministroekin zuen bilera bertan behera utzi du, tiroketaren berri izan duenean. 'Charlie Hebdo' aldizkariko atentatuaren ustezko egileek ihes egin zutenetik, krisialdi kabinetea jarri zuen martxan Frantziako Gobernuak, eta gaurkoa hirugarren bilera zuten.

Estatuburua Barne Ministerioaren egoitzan dago tiroketaren berri unean-unean izateko:

Bertatik egindako adierazpenetan agertu duenez, Frantziako segurtasun indarrak "eginahalak egiten ari gara susmagarriak atxikitzeko"."Frantziak jartzen dizkioten proba guztiei eutsiko die. Konfiantza dut gure herrialdean eta gure herritarrengan", erantsi du.